Traje egokia aukeratzeaz

Gorka Bereziartua
0
Reimund Bertrams / Pixabay

Okasio bakoitzerako ze traje jantzi erabakitzea ez da garrantzi gutxiko kontua, batez ere helburua zerbait saltzea denean. Bezeroaren aurrera beti atera behar da onartutako estandarrek agintzen duten maneran, baina klaro, ea nork asmatzen duen zer demontre esan nahi duen horrek mundu honetan, zeinean ohitu garen eztabaidatzera zer den onargarria eta zer onartezina minutuko 87.563 txiotan.

Geroz eta zailagoa da dena. Traje bat aukeratzeak eragin dezakeen estresa.

Zerbait saltzeaz ari gara gaur beraz. Alegia, politikaz. Alegia, eskariak –eta ez eskaintzak– agintzen duen merkatu batez.

Aste honetan salgai jarriko da produktu berri bat edo, bueno, produktuaren bertsio berri bat behintzat: Espainiako lan erreformaren erreforma –aurretik “Rajoyren lan-erreforma bertan behera uztea” gisa ezagutzen genuen paketea– eta iruditzen zait merkantzia horrekin pasa dela Eurovisioneko hautagai espainiarrarekin bezala: ez dela espero zena.

Produktuak ez ditu ase sortutako espektatibak. Ez dagoenez Tripadvisorren antzekorik gauza hauetarako, zenbait erabiltzailek idatziko lituzketen komentarioak asmatzeko aukera paregabea daukagu: “MINISTRO ESKASA, EZ EMAN BOTOA: legatz derogatua eskatu nion eta panga patronala atera zidan”.

Baina iritzi asaldatuenak ere ez du aldatuko dilema fundamentala: trajea. Trajea aukeratu behar da. Eta iruditzen zait EAJk azken asteetan bi atera dituela bere armairu amaigabetik.

Produktua saltzekotan, prest dauka Armani bat, urdin iluna, gorbata diskretu batekin. Konbinazio serioa, klasikoa, instituzionala, transmititzen duena bisnes hau ere ondo aterako dela.

Ezetz esatekotan, zerbait informalagoa ere badu ordea: alkandora koadroduna maukak bilduta; eta sorbalden bueltan lotuta Lacoste aitatxo-jertsea, lehen erabiltzen zena Alderdi Egunetan “independentzia” oihukatzeko eta orain ondo ematen duena “Euskadiko lan-harremanen esparrua” eta “patronala bere lekuan jarri” bezalako gauzak esateko –Ortuzarrek pasa den astean sindikalisten eremu semantikoan egin zuen arrantzan–.

Asuntua arropa juridikoak aukeratzea baldin bada berriz, eklektizismoak agintzen du eta lege-proiektuak dirudi aukera egokiena. Alegia, sí alla vita, sí all’amore eta abar esateko trajeari eranstea emendakinetan ikurrinaren koloreak dauzkan konplementuren bat.

Nire bi xentimoko ustea da horren antzeko zerbait izan daitekeela ostegunekoa zeren, alde batetik, bezero nagusiak –alegia, Confebaskek– eskatu du uzteko alde batera “debate politiko eta filosofikoak” eta onartzeko onartu behar dena behingoz; baina, bestetik, konbenio autonomikoen defentsak jada lortu du gauza salgarriak produzitzea –Bizitzeko Gutxieneko Errenta transferituko duela zin egin du Moncloak– eta negozio guztiek babestu behar dute beren burua konpetentziatik.

Eskumen sozialak EAEra ekartzeko baiezkoa: agian hori da Sabin Etxearen outfit-a tratu hau ixtera ateratzeko.

Egiten dutena egiten dutela, iruditzen zait gauza hauek serio hartzeagatik irabazten dutela beti: traje bat okasio bakoitzerako. Enperadorea istorio honetan nahi duzuena izango da, baina ez dago biluzik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA