Shakespeare forala

Gorka Bereziartua
0
Sergio Sayas Espainiako diputatuen kongresuan.

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu ziren karga dramatikoan antzerkigile ingelesarekin lehiatzen. A ze istorioa. Kongresuko botazioarena, diot. Denetik dauka: mendeku-gosea, traizioa, komedia eta (politikoki) hilda buka dezaketen aktore asko. Bagenekien zerbait usteldurik zegoela Espainiako erreinuan, baina jo-der.

Horrela ez dago aurreikuspen txukunik egiterik. Gauzek bide honetatik segitzen badute, kafe asko pagatu beharko ditut erredakzioan –bai, Urko Apaolaza, hau zuregatik diot: kasu egin behar nizun EAJren botoei buruz esan zenidan horretan. Baina niri “kafe bat apustu?” esatea okurritu: aber, esnearekin ala gabe nahi duzu?–.

Enfin, ezetz astea ondo bukatu UPNrentzat, zeren botazio karanboliko horren emaitza agerikoena –lan-erreforma onartzeaz gain, noski– izan da kartoizko kaxa bat bidali dutela Madrildik Iruñera paketeria espres bidez. Seven pelikularen amaieran bezala, gutxi gorabehera. Alde bakarra, [kontuz, spoilerra] Gwyneth Paltrowren buruaren ordez Sergio Sayasena eta Carlos Garcia Adanerorena daudela barruan. Bueno, eta agian, Seigarren zentzumena pelikulan bezala, [kontuz, beste spoiler bat] bi diputatuek ez dakitela filmaren hasieratik (politikoki) hilda daudela.

Zerbait arraroa ikusi ohi da zeruertzean UPN hasten denean Bidasoako izokinak imitatzen, alegia, Madrilen PSOErekin txamaren bat egiten rive droite-ko korronteen kontra. Itzal bat. Aura moduko bat. Mamu bat, eskuin mesetarioaren eta eskuin foralaren artean agertzen dena, berarekin ekarriz eromena eta atzera-bueltarik gabeko erabakiak.

Ez da hau lehenbiziko aldia: mingaina gutun-azal baten ertza bezain zorrotz, Santiago Cervera akordatu da Miguel Sanzek tragarazi zizkion 2008ko Zapateroren aurrekontuez –bilatu Diario de Noticias-en “Esparza hombreándose”: ozpin ultra-kontzentratua–. Bikotekidea beste batekin ohean zingulu-zangulu harrapatzean bezala, gertakari hark puskatu zuen UPNren eta PPren arteko ezkontza kasto bezain zoriontsua. Eta hainbeste urteren ondoren, berriz elkarri kotxinkeriarik gabe eskua ematen hasiak zirenean, hara non agertu den Sayas, printze irainduarena jotzen Esparzari: “Tori, daniar errege intzestutsu, hiltzaile, kondenatua: irents edabe hau”. Gaurko egunetik begiratuta, nabarristen eszenaratze honetan guztiek buka dezakete (politikoki) zerraldo, Hamlet-en bezala [ui, barka, hori ere spoilerra zen].

Eta bueno, dibertigarria da oso labana-tratu honetaz aritzea, baina gauzak oso bestela izan zitezkeen PPko diputatu batek ez balu jokatu Homer Simpsonek tele-lana probatu zuen kapitulu hartan bezala. Zeren orduan, eskuin espainiarra unga-ungaka ariko baitzen Moncloa asaltatu beharrez eta, bale, ados, horrek ezin du izan denari baietz esateko tekla magikoa, baina kezka pixka bat eragiten du gutxienez. Kezkatu behar lukeen bezala UPNren baiezko botoen truke PSOE Nafarroan noraino iristeko prest zegoen imajinatzeak. Agian, joan den astean, komedia on batek pare bat tragedia eragotzi zituen beraz. “Navarre shall be the wonder of the world”, Shakespearek zioenez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA