Zu eta biok bezalako mutil bat

Gorka Bereziartua
0
Federer eta Nadal joan den astean Londresen.

Ba kontua da Roger Federerrek –bai, bera da: beti nahasten dut Joaquim Phoenix aktorearekin, baina oraingoan ez dago dudarik– tenisa utziko duela. Azken partidua jokatu zuen joan den astean, binakako bat, eta okasiorako ondoan nahi izan zuen Rafa Nadal, biak sarearen alde berean azken 20 urteak aurrez aurre pasa ostean, urdaiazpikoen tamainako bizeps horiekin elkarri drive hilgarriak jaurtitzen. Antza denez edozein Grand Slametako finaletan erraketak kea zeriela uzten zituzten arren, armarik gabe daudenean oso ondo konpontzen dira.

Hain ondo, ezen munduari buelta batzuk eman dizkion argazkia egin baitzieten Londresko partiduaren ondoren: oso emozionatuta agertzen dira, malkotan, elkarri eskua emanda. Edozeinek pentsatuko luke Bertsolari Txapelketa Nagusiko kartzelakoak –ui, barka, orain ganbarakoak dira, ezta?– entzuten ari direla.

Eta niri primeran iruditu zait, egia esan. Bejondeiela. Baina –beti erori behar bainaren batek– ez zait gauza bera gertatzen argazkiaren kontura sortu diren erreakzio zenbaitekin. “Ez dakit jabetzen garen irudi hauek duten garrantziaz zenbait estereotipo puskatzeko eta terribleki toxikoa den maskulinitate bat deseraikitzeko. Batez ere gazteenen artean. Brabo biengatik”, idatzi du Twitterren Gabriel Rufián ERCko diputatu-influencerrak –edo influencer-diputatuak, gauzek ordenak ez baitu funtsa aldatzen–.

“Batez ere gazteenen artean”, beraz. Auzoko makarraren papera jokatzen espezializatu zen politikariaren txioa irakurri nuenean, oraindik ez zitzaidan pasa egun pare bat lehenago izandako bilera baten ajea, zeinean nire adina ia bikoizten zuten zenbait gizasemek gizonkeria erradioaktiboaren erakustaldi bat egina zidaten. Eta bizipen horrek, Rufiánek dioena dioela, pentsarazten dit problema honen distribuzio generazionala nahiko orekatuta dagoela. Tristeki orekatuta.

Manuel Jabois idazleak asuntuaz El País-en idatzitakoaren pasarte batek ere kirrinka egin dit: “Eta horrela, modurik natural eta sinpleenean, keinu politiko batek sakontasun handiena hartzen duen eran, eman zuten bi tenislarik, pistaren barruan 20 urtez kolpe-errezitaldi bat egiten aritu direnak, beste kolpe bat, birrintzailea”. Esan nahi den horren eta esateko erabiltzen diren hitzen arteko harremana ez baita inportantzia gutxiko gauza, nahiko deigarria da bi gizonen arteko keinu goxo eta sentikor bat “kolpe” eta “birrintzaile” bezalako arropekin janztea. Erabaki estilistiko horrek daukan azpitestuaz pentsarazten du: “Ei, pixka bat leun jartzea ondo, baina maritxukeriarik gabe”.

Total, zentzumen araknidoa alertan jartzen zaidala mota honetako “maskulinitate berrien” ospakizun mainstream geroz eta ugariagoekin, uste dudalako gai honek zarata baino gehiago eskatzen duela introspekzioa; eta ospakizuna baino gehiago, autokritika. Nahiko ados baldin bazaude, igual interesatuko zaizu Ivan Jablonkak (oraingoz) argitaratu duen azken liburua, Un garçon comme vous et moi (Zu eta biok bezalako mutil bat; Seuil, 2021): “genero-autobiografia” gisa aurkezten du eta Alfa klasekoa izan ez den ar baten bizipenez osatua dago. Besteak beste mutil-mota hori ez izateagatik jasandako jazarpena kontatzen duen arren, ez dio uko egiten bere buruarentzat konposatu duen “beste” gizontasuna disekzionatzeari ere. Eta uste denaren kontrara, batzuetan gehiago balio du liburu batek mila argazkik baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA