Jose Mari Esparzak idatzitako artikuluren bat parean tokatzen zaidanean ez dut irakurri gabe uzten. Defendatu izan dituen ideiekin ados egon ala ez, Tafallako idazle eta editoreak pentsarazi izan dit eta ezagutzen ez nituen pasarte historikoen berri eman. Arrazoiak ugari, haiek plazaratzeko estiloa ere bai. Topikosferatik kanpo pentsatzen duela uste dut, debate sakonak ireki izan dituela –beste askoren artean, Euskal Herria imajinatzeko dauzkagun moduez: gutxik esplikatu dute berak bezain ondo Ager Vasconum-etik gauzak ez direla Kantauri aldetik bezala ikusten–.
Aurreko guztia diot, ez daukadalako gogorik Esparza seinalatzeko, are gutxiago xextra antzuetan denbora galtzeko. Diario de Noticias-en berriki argitaratu duen “¿Migración? No, gracias” (Migrazioa? Ez, eskerrik asko) irakurrita, ordea, irudipena daukat aberiatutako traste dezente erabiliz idatzi duela.
Gaian sartzeko aipatzen duen “zuzentasun politikoa”-ren problema, adibidez. Azken urteetan nonahi agertzen da. Migranteez edo LGTBIQ+ kolektiboko jendeaz segun eta zer esan aurretik, “ez naiz politikoki zuzena izango, baina…” edo tankerako esaldiek erraz zirkulatzen dute, baina gutxik bilatu dute espresioaren jatorria. Moira Weigel filosofoak bai: The Guardian-en idatzi zuen artikulu bat irakurtzeak aski izan behar luke formula horrekin kargatuta datorren edozein tramankuluri eszeptizismo handiz begiratzeko.
Artikuluko beste parte batzuek optika distortsionatu samarra dute. Esparzak dioenez, aberatsenek “beren baliabide mediatikoekin moralina merkea injektatzen digute eta katekesi bat, itxuraz humanista dena, progre guztiek migrazio masiboari txalo egin diezaiogun mana berria balitz bezala”. Justu kontrakoa gertatzen dela pentsatzeko ez duzu urrutiegi joan behar, paraje hauetan gehien kontsumitzen diren medioetan edozein delitugileren jatorri atzerritarra nola nabarmentzen duten begiratzea aski duzu; edo Melillako hesia pasa duten pertsonez aritzean “asalto” (oldarraldi) bezalako hitzak zer lasai erabiltzen dituzten. Hedabide horiek migrazioa modu kunbaia samarrean ospatzera baino, gehiago dedikatzen dira “mehatxu” gisa aurkeztera.
Esparzak defendatzen duen ideia nagusia ere ekibalentzia faltsu baten bidez eraikia dago: “Errefuxiatuen eta migranteen eskubideen defentsa erradikalak bat egin behar du migrazioa geldiarazteko borrokarekin, langabeei edo gaixoei emandako laguntzek langabeziaren eta gaixotasunaren aurkako borrokarekin bat egin behar duten modu berean”. Brotxa lodi samarra erabiliz bakarrik ulertzen da migranteak, langabeak eta gaixoak kategoria elkartrukagarriak direla, auzi sozialen makinatik pieza bat kendu, baliokidea den beste bat jarri eta berdin funtzionatzen jarraitu ahalko balu bezala. Gauzak, zer egingo zaio, konplexuagoak dira, eta konplexutasun horretan aztertzen ez badira hanka sartzeko aukera handiak daude.
Nolanahi ere, gehien kezkatzen nauena artikuluari darion beldurra da: migranteak populazioaren gehiengoa bihurtzeko beldurra. Esparzaren ustez ezkerrak argudio propioak behar ditu hori posible egingo lukeen fenomenoaren kontra, bestela eskuin muturrak bereganatuko duelako eztabaida. Agian George Lakoffen elefantearen kontu hura pixka bat errepasatzeko garaia da, konturatzeko problema kalderete pozoitu honen errezeta bera dela, eztabaidaren markoa nork ezarri duen alegia. Eta hori nekez konponduko dela Nafarroako piper gorri batzuk erantsita.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]