“Eta gero azkeneko gauza bat geratuko da egiteko, agian inportanteena: etorkinak, batez ere gazteenak, beraien lurra, sustrai kulturalak eta familia atzean utzita Europan bizimodu hobea bilatzera daramatzaten kausak ezabatzea”. Hum, ez dakit non irakurri nuen duela gutxi antzeko zerbait, baina aste honetako artikuluaren giharrak luzatzeko aukeratu dudan esaldi hau Giorgia Meloniren ahotik atera zen joan den astean, Montecitorio Jauregian bildutako diputatuen aurrean, Italiako gobernu ultraeskuindar berriaren jendaurreko aurkezpenean.
Herrien, hirien eta nazioen historia zer materialekin egina dagoen interesatzen zaion edonork pasa behar luke Montecitoriotik, turismo pixka bat egiteko baino ez bada ere –tarteka deskantsua hartu behar baita Interneteko foroetan ad hominem-ka aritzetik–. Eraikinaren lehen proiektuak Gian Lorenzo Berniniren sinadura daukala esate hutsa ez da gutxi esatea; eta artista barroko handiak bere garaiko beste erraldoi batekin –Francesco Borromini– izan zuen etsaitasun itsua bera ere ez da aurrekari txarra azken mendean mota guztietako odol gaiztoak ezagutu dituen edifizioarentzat.
Benito Mussolinik Montecitorioko sesio –hitzaren zentzu literalean– parlamentario baten ondoren aipatu omen zuen Giacomo Matteotti diputatu sozialista zirkulaziotik kentzeko kontua. Asuntuak nola bukatu zuen badakigu, eta fatxak berriz ere Italiako nagusi diren honetan, igual esaten ari direnari erreparatzea ez dago soberan, antzeko proposamenak ez egiteko, noski; baina baita konturatzeko zein punturaino daukan findua software berridun eskuin muturrak ezkerreko objektu ideologikoen “apropiazio kulturala”, Paolo Gerbaudo ikerlariak azaldu duen moduan.
Aipatutako Meloniren diskurtsoa meategi itzela da fenomeno hori aztertzeko. Esango dizu Italiako lehen emakumezko presidentea bera dela, gero aipatuko dizkizu Risorgimento-ko zenbait emakume –Cristina Trivulzio Belgiojoso, Rose Montmasson–; eta Maria Montessori pedagogoa; eta Oriana Fallaci kazetaria; eta gauza erdi-egina dauka: Italiaren batasuna, irakasle progre-baina-betiere-kristaua edo azken urteetan zibilizazioen talkaren teoria bere egin zuen kazetaria erabiliz, komeni zaion mitologia atzerakoiaren barruan kokatu du Melonik emakumeen borroka.
Ekologismoarekin, gauza beretik kuartillo eta erdi: “Gure ondare naturala babesteak konprometitzen gaitu, kultura, tradizioak eta espiritualitatearen ondarea babesteak bezala: gure gurasoengandik oinordetzan jaso genituen, gure seme-alabei transmititu ahal izateko”. Esaldiak inuzentea dirudi, baina kolpe bakarrean planeta honetako bizitzak duen mehatxuaren maila berean jartzen ditu italiarren kulturak eta tradizioek, baita erlijio katolikoak ere jasaten omen dituztenak –espiritualtasuna aipatzean ez baita ari Iker Jimenezen programan agertzen diren gauzez–.
Burujabetza diozu? Melonik badauka musika horrekin dantzatzeko zerbait, baina ez, ez du elikadura- edo energia-burujabetza aipatu. Estatua aipatu du. Haren urteetako absentzia. Hiri eta herrietan estatuaren presentzia fisikoa handitzeko apustua egingo dutela… poliziaren bidez. “Ongizate-gizartearen” desagerpen progresiboak ezkerrean sortu duen fetitxe estatalista –garai batean iritsi ginen irakurtzera estatua “herriak” sortu zuela, pentsa–, orain eduki ultrakontserbadorez beteta.
Operazioaren hedadura ikusita, eta aurretik antiglobalismoaren imajinarioarekin zer gertatu den, beldur naiz martxa honetan aurki falangista batek bezala hitz egingo dugula, zentro sozial autogestionatu bateko kideak bezala ari garelakoan.