Txina komunismoaren aurretik

Gorka Bereziartua
0

 

Espero dut eman duten txapa amaituko zela behingoz, paraje hauetan egin behar zituzten lanak bukatu dituztenez. Baina ea berriz etortzen badira hobeto prestatuta harrapatzen gaituzten.

Urtea hasi denetik Youtubeko bideo bat ireki dudan bakoitzean atera zait iragarkia. Kartelak autobus-geltoki guztiak gainezkatzen. Eta postontzian “propagandarik ez” jarrita daukagulako, zeren bestela. Zuk ere ikusiko zenituen Shen Yun ikuskizunaren publiak. Txina komunismoaren aurretik: urdin zerutiar baten gainean ia hegan ari da soineko tradizionalez jantzitako dantzaria. Koloreek, konposizioak, gogora ekartzen dute erakunde kristauren bateko triptikoa –horrek pentsarazi dit sektore espiritualeko enpresentzat lan egiten duten diseinatzaile guztiek formazio bereziren bat jasotzen dutela, emaitza estetikoki hori izan dadin eta ez beste bat–.

Ikuskizunaren atzean Falun Gong talde erlijiosoa dago, fedearen merkatuan produktu berri samar bat: 1990eko hamarkadaren hasieran sortu zuen Li Hongzhik eta Txinan jarraitzaile asko lortu zituen –eta “asko” esatea, Txinari buruz ari bagara, benetan asssssko esatea da–, baina problema serioak eduki ditu geroztik hango gobernuarekin. Duela zenbait urtetik hona, AEBetatik operatzen du. Horiek oinarrizko datuak.

Ni, egia esan, ikuskizuna iragartzeko kanpainak txundituta naukalako hasi naiz gai honi buruz idazten. Nola sortu duten egoera bat –garesti ordainduta, imajina dezakegunez–, zeinean publiko guztia behartu duten haien mezua entzutera. Leku guztietan, euskarri guztietan, ordu guztietan: Shen Yun, Txina komunismoaren aurretik. Bonbardatu kontsumitzaileak oro, gupidarik gabe, hori da kontsigna. Batzuen defentsa-lerro kognitiboak behintzat eroriko dira, pagatuko dituzte 70 eurotik 135era bitarteko prezioa zuten sarrerak, Txinako kultura tradizionalaren aitzakian mezu politiko oso konkretu bat entzuteko.

Esplika dezagun gordin: Shen Yunek Txinako gaur egungo sistemari kontrajartzen dion proiektuak, basikoki, teokrazia ultraeskuindar baten tankera dauka. Espektakuluan bertan kritikatzen dira eboluzionismoa, ateismoa, homosexualitatea; Falun Gongek bultzatzen duen Epoch Times egunkari digitaletik paseotxo bat eman besterik ez duzu egin behar, eskuin muturreko edukiak barra-barra aurkitzeko. Ez da ezer berria gainera: Shen Yunen atzean dauden kontu ilunak, Falun Gong sekta bat ote den eta abar, aspaldi samarretik daude eztabaidagai, eta ez preseski Txinako gobernuarekin oso onberak diren medioetan.

Eta honetara iritsita, benetan kezkatzen nauena beste zerbait bihurtzen da: nola espioi-globoen eta krisi diplomatiko erraldoien garai hauetan, beste defentsa-lerro batzuk ere erraz-erraz erortzen zaizkigun. Txina da orain etsai berria, antza denez. Eta etsaiaren kontra edozerk balio duela ematen du, horrelako mezuak dakartzan zerbaiti pasatzen uztea barne. Salbuespen batzuk alde batera utzita –Elixabete Garmendia bikain, noski, gai honetaz Berria-n idatzi duen “Ultraeskuindarrei gauzak errazten?” artikuluan–, show honetaz aritzean gure prentsa probintzial-autonomikoak propaganda errepikatu besterik ez du egin.

Esandakoa, ea berriz etortzen badira hobeto prestatuta harrapatzen gaituzten: Google izeneko tresna sofistikatu batekin ikerketa-kazetaritza pixka bat eginda, gutxienez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA