Akelarre identitarioa

Gorka Bereziartua
2
Valeria Ros Juan Martinez de Irujorekin 'Akelarre' saioan.

Akelarre izeneko programa polemiko horri buruz ezin dut gauza handirik esan. Eta ez da medikuak iritzia ematea debekatu didalako –egingo du noizbait, baina Osakidetzan zita 2029ko urrirako eman didatenez, nik hemen segituko dut matraka ematen–; ez dut programa ikusi, hori da kontua. Eta antza denez, liburuekin ez bezala, telebistarekin oraindik ezinbestekoa da programak ikustea nikustegintzan eta eneaburuzketan murgildu baino lehen.

Horrek trantze oso estuan jartzen nau, noski: ez nuen DBH aprobatu ETB2 ikusten bukatzeko, horretarako aski nuen Lehen Hezkuntzarekin. Baina, aldi berean, horrelako lokaztian urdezerrikiro iraulka ibiltzeko tentazioa handiegia da. Beraz, saioaz baino, eragin duen polemikaz bizpahiru kontu esatea erabaki dut, inor mintzeko asmorik gabe –baina xede hori lortzeari dagokionez, helburu apal xamarrekin–.

Hasteko, iruditzen zait eztabaida asko fokalizatu dela programa konkretu horretan. Arbolak, ohiko moduan, ez digu uzten basoa ikusten. Alegia, asuntua ez da hainbeste saio hori bera. Kenduko dute noizbait, ideia jenialarekin etorri zen exekutiboa beste ideia jenialen batekin etortzen denean. Baina antzeko beste emaitzaren bat jarriko dizute pantailan zuk “aibalaostia Patxi” esaten bukatu baino lehen.

ETB2 betidanik izan da, gutxi gorabehera, eta salbuespen batzuk kenduta, horrelako edukien kontainerra. Pentsa, katearen garai loriatsuenetan Ramontxu Garcia eta Rifi Rafe bezalako “debateak” ziren ikur. Gaur egun audientziari Conquis izeneko gauza bigorexiko horrekin eusten dio. Euskaldunok ETB1 pairatu behar dugula, ados, baina EAEko erdaldunei tokatu zaiena ere ez da makala –Akelarre bezalakoak beraientzat produzitzen dituztela ulertzen baitut nik–: batez besteko maila kulturaletik oso behera dauden saioak; astakaikutzat hartzen dituen telebista.

Gero dago polemikaren parte solemnea. “Euskal” hitza tartean sartzen den bakoitzean, argitu behar izaten da ea subjektua euskal erditarrak diren –a.k.a. EAEko biztanle guztiak– ala literalki euskaldunak bakarrik, hau da, euskaraz lan eta bizi, langabezia kobratu eta hil ondoren ere marmolezko plakan “hemen datza” idazteko aginduko dutenak. Eta subjektu kolektibo guztiak argitzen saiatzean gertatzen den bezala, ez da arraroa honetan ere kontuak Paradoxen Errepublikan bukatzea: agertuko zaizkizu batzuk minduta, telebistak “kaxero” deitu dielako, eta hasiko zaizkizu euskara eta euskal kultura sutsuki erdaraz defendatzen; eta agertuko zaizkizu polemikaren erdian euskaraz ez dakitela konturatuko direnak, “elebakar” entzun eta automatikoki “maketo” ulertzen.

Mende bat daramagu horrela eta beste mende bat ere pasako zaigu martxa honetan. Indar-korrelazioek baino, ahultasun-korrelazioek agintzen dute gaia identitatea denean, hemen mundu guztiari falta zaiolako zerbait: batzuei hizkuntza eta kultura erdi-normalizatzea; besteei eroso bizi ahalko duten euskal identitateren bat formulatzea. Eta portzierto, hutsune horiek betetzeko orain arte eskuratu ahal izan dugun teknologiarik aurreratuenak, Euskal Autonomia Erkidegoak, aspaldi samarretik erakutsi digu ez duela askoz gehiagorako ematen. Egoera, beraz, nahiko katastrofikoa da. Ez dezagun serioegi hartu.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA