49.3

Gorka Bereziartua
0
Erretreten erreformaren aurkako protestan parte hartu duen emakume honen afixak honakoa dio: "Pétain, itzuli: zure txakurrak ahaztu dituzu".

Emmanuel Macronek tatuajearen teoria aplikatzea erabaki du erretreten erreforma onartzeko, nik uste. Badakizue nola funtzionatzen duen, nerabeen arteko aholkugintzaren klasikoetako bat da: “Egin ezazu tatuaje hori, gurasoak dagoeneko haserre dauzkazu eta ezerk ezin du egoera gehiago okertu”. Teoria hori artefaktu izugarri hipotetikoa da noski, eta praxira eramatean eskuetan lehertzeko aukerak ez dira gutxi. Bestela galdetu beso-zuztarrean alderik alde “joder, txori bat” urre-koloreko letretan tatuatuta etxeratu zen gazte horri, ea lehen baino okerrago sentitu ote zen bere aitak –gauza hauetarako baitaude aitak–, Scotch-Britearekin destatuatu nahi izan zuenean. Hemendik entzuten nituen garrasiak.

Ba, antzeko parezido erretreten erreformarekin, tatuajearen ordez Frantziako Estatuaren historiako lege-proiekturik deitoratuenetako bat jarriz; eta gurasoen ordez, belarrietatik kea darion populua. Analogia honetan nerabea bere horretan utzi dezakegu, izan ere, nire iritzia jakin nahi baduzue, Emmanuel Macron, 45 urte, “fase bat” pasatzen ari da oraindik.

Fase bat: “Hitz egin dezatela nitaz, gaizki-esaka aritzeko bada ere”. Beharbada, influencerren omnipresentziak markatutako garai honetan tronuan egotea tokatu zaien munduko agintarientzat, Frantziako txandrioa bezalakoak dira eduki biral bat igotzearen baliokide politikoak. Eta Macron kaleko istiluen irudiekin plazer morbosoren bat hartzen ariko da, azken asteetan gehiago ari direlako berari buruz hizketan Vladimir Vladimirovitx Putini edo Joseph Robinette Biden Juniorri buruz baino –barreak txorrotaka ateratzen zaizkit AEBetako presidentearen izen osoa idazten dudanean, barka–.

Kontua da batzuek ez diotela Macroni broma ulertu. Bueno, ia inork ez. Hain da baldarra, izan ere, legea horrela pasaraztea, kasik pentsatzen hasiko naizela Jean-Luc Mélénchonek arrazoia daukala, iradoki duenean –pixka bat konspi jarrita–, nahita ari dela Manu Militari Macron zakarkerian, erreakzio bortitz bat probokatzeko: desordena, anabasa, biolentzia, bordelizazio orokorra. Horrelako erantzun batek errepublikako herritar eredugarriengan probokatu dezakeen ikara probestu nahi duela, “ni ala kaosa!” esanez aulkiari eusteko –jendeak “Kaosa! Kaosa!” eskatuko balu ere, edukiko luke erantzuna, gainera: “Ba berdin da, hori ere ni bainaiz”–.

Hala ere, badago kontu kabroi bat honetan guztian, aipatu gabe utzi nahi ez dudana. Alegia, zerk pizten digun animoa, zergatik ateratzen garen kalera zeozer aldarrikatzera garaiotan. Zergatik, su eta ke guztiak gorabehera, geroz eta gutxiago eskatzen ari garen: 68ko maiatzean politika eta gizarte osoa ipurdiz gora jartzea zen kontua; 30 urte geroago, konbikzio xumeagoarekin, “bestelako mundua posible da” esaten genuen; oraindik orain, Jaka Horiekin, erregaien prezioa eta demokrazia zuzena ziren gaiak; 2023an berriz, erretretaren adina ez atzeratzea. Bihar, 49.3 artikulua hain lasai erabili dutela ikusita, akaso kalera atera beharko dugu eskatzeko erabakiak demokratikoki har daitezela, botoak kontuan hartuz eta horrelako gauzak.

Eta helburu handia irudituko zaigu gainera. Handia iruditzen zaiguna geroz eta txikiagoa delako. Bitartean, alderantzizko proportzioan hazten ari da bizitzaren zentimetro bakoitza estutzen digun piztia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA