Espazio-ontzi baten leherketa arrakastatsua

Gorka Bereziartua
0

Etxafuego handi eta garesti samarra aireratu zuen joan den astean SpaceX-ek, Elon Musken enpresetako batek –asko baititu gizonak–. Baina esperimentua atera zen, gutxi gorabehera, Donostiako Aste Nagusiko inaugurazio ofiziala urtero ateratzen den bezala: “Artillero dale fuego” pixka bat, handik gutxira pum ozen bat; eta gero, gertatu berri denak inoren espektatibak ase ez dituen arren, mundu guztia irribarre gihartsuak eginez, dena ondo dagoela adierazi nahian bezala. Lehenbizikoa Musk bera, argizarizko museo bateko deskartea dirudien aurpegia mudatu gabe txioka, arrakastatsua izan omen dela piztu eta lau minutura lehertu den espazio-ontziaren proba, asko ikasi dutela milioika dolarreko txupinazoari esker, hilabete gutxi barru probatuko dutela beste bat jaurtitzen, ea.

Lehenbiziko gauza Musken lepotik barre egitea da noski, izkinako tabernaren kanpoan ohiko parrokianoekin egingo zenukeen bezala Ferrari berri-berri bat agertuko balitz, eta aparkatzen hastean udalak auskalo zergatik hor jarri zuen funtzio zehaztugabeko porlanezko bloke batekin karrozeria alderik alde harramazkatuko balu. Plazer gaiztoen top-10ean baitago aberats okituak hanka sartzen ikusiz gozatzea. Eta kontu egizue, pasa den astean hegan hasi eta gutxira lehertu, barka, “ezusteko desmuntatze azkarra” izan duen suziriak balio dituela Ferrari batzuk. Plazer gaizto guztien ama konbokatzeko moduko gertakaria izan da, hortaz.

Barrearen ostean datoz zalantzak. Alegia, ez ote den Muskek hartu duen jarrera egunero-egunero-egunero ikusten ditugun antzeko beste askoren bertsio anplifikatu eta espektakular bat besterik. Ezker-eskuin begiratuta, erraz agertzen baitira erdipurdi ateratzen den edozer arrakasta gisa saldu nahi dizuten pertsonak. Ez naiz ari auskalo nondik etorritako txerpolariez; zure lagunak, burkideak, ohekideak, zu eta ni bezalako jendea izan gaitezke –izaten gara askotan– horrela jokatzen dugunak.

Kale gordinari aurre egiteko gorputzeratzen ditugun trapuen hautaketatik sareetan fabrikatzen dugun marka pertsonalera, idatzi gabeko agindu bat betez gabiltza guztiz gehienok: ez transmititu porrot-sentsaziorik. Lehertzen diren suziriak proba arrakastatsu bihurtzen diren modu bertsuan, lau katu elkartu dituen mobilizazioa indar-erakustaldi bilakatzen da; hauteskundeetako kartelean bizilagun konkordunak Ryan Gosling dirudi; gaizki pagatutako lanak ordutegi supermalgua dauka. Zer moduz? Ondo. Zertan zabiltza? Proiektu berri batekin. Barruan daramagun frakasatuaren aurkako errepresioa. Galtzailefobia. Errealitatearen ukazio partzial edo erabatekoa; alaitasuna, dinamismoa eta garaipena proiektatzeko inperatiboa.

Eta ez gaizki ulertu, kontua ez da gure burua zigortzea inperfekzio guztiak ezkutatzeko joera hori daukagulako: mundua suntsipen absolutura eraman dezakeen sistema baten produktu baldin bagara, ezin zen askoz gehiago espero gugandik. Musken suziriak, aldiz, badu espektatiben problematxo hori, gizakia Marte kolonizatzera eraman nahi duen egitasmo handigorako baten parte baita. Eta, klaro, presa geroz eta larriagoa da, izan ere, globo honetako kontuak finitu aurretik iritsi behar lukete Musken bezeroek beste planetaren batera hura ere pixkanaka suntsitzen hasteko. Emaitza hori lortu ezean, zail samarra izango da Apokalipsiaren tamainako porrota ezkutatzea. Baina batek daki ordurako zer harreman izango dugun errealitatearekin martxa honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA