Pasa behar izan dira mendeak, pasa behar izan dira goseak, pasa behar izan dira gerra txiki, ertain eta handiak, pasa behar izan zuen Rubikonetik Julio Zesarren zaldiak; pasa dira, gero, gurdiak; pasa dira bizikletak; pasa dira trenak; pasa dira autoak, kamioiak, motoak; pasa dira hankabikoak eta herrenak, argalak eta gizenak; gizonak, emakumeak, zernahiak; pasa dira, ezin konta ahala, tristurak, beldurrak, penak. Pasa eta pasa eta pasa, bizitzen ari garen momentu historiko honetaraino iritsi ahal izateko.
Historikoa, bai. Aurreko garai eta zibilizazio guztiek eduki duten problema handi bati azkenik soluzioa aurkitu diolako, antza denez, gureak: azkenik badakigu nola jokatu ondokoa izorratuta ikusten dugunean, hurkoaren moralak erreka jo duenean, estimatzen duzun pertsona hori ataka estuan dagoenean, trantze latzetik igarotzen, tragoa iturri garratzetik edaten. Orain badakigu nola lagundu, nondik hasi bestearen pairamena arintzen; ez dago aitzakiarik, badakigu zer egin buztin gogor horrekin, lehortu eta metraila zatia bezala barruan gera dakion baino lehen.
Azkenik, badakigu: “Nire babes osoa” esan behar zaio. Eta dena konponduta.
Hori bai, gauzak ondo egin behar dira, ezin da babes osoa edozein modutan barreiatu ere: mezua digitalki transmititu behar da, zuzenean marroian dagoen pertsonari, baina ahal dela jende gehiagok ere ikusi ahalko duen plataformaren batean.
Aldaerak onartzen ditu, adibidez “fuah” eranstea hasieran –gazteek batez ere–; edo “eutsi!” jartzea amaieran –militantzia politiko erradikalen bat dutenek usatuko dute gehien aukera hori–. Baina eranskin horiek gorabehera, inportanteena formularen bizkarrezurrari eustea da. Nire. Babes. Osoa. Besteen problema ororentzat konponbidea, azkenik, gizateriaren esku.
Eta formula baliotsu hori destilatzea lortu dugunez, nik uste dut pixkanaka traste zaharren gelan bukatuko dutela gure ingurukoen sufrikarioei aurre egiteko erabili izan diren beste gauza guztiek. Kontraturik gabe esklabista baten menpe ordu pila lanean ari den lagunak ozen egingo du aldarri: “Utikan sindikatuak!”. Zer da konbenio ziztrin bat, izan ere, zure babes osoa daukala jakinda? Ama hil ondoren alkoholismo depresiboan erori den adiskideak ere ez du arreta psikologikorik beharko gehiago: babes osoa dauka orain. Zurea, gainera: babes osoen artean babes osoena.
Amonak dutxan irrist egin duela eta jarri dioten benda-festarekin orain Tutankamona daukazuela? Utzi alde batera ospitaleko bisita zaharkitu horiek, bidali zure babes osoa, efizienteagoa da askoz. Eraso homofoboen aurrean: nire babes osoa. Aldaketa klimatikoaren kontra: nire babes osoa. Bizilagunaren etxeak su hartzen duenerako eta kuadrillakoari autoko gurpila lehertzen zaionerako: nire babes osoa. Pixka bat entrenatuz gero, zure babes osoa azkarrago aterako duzu fundatik Clint Eastwoodek bere pistola baino.
Irakurri boz goran: “Nire babes osoa”. Zoragarria da nola betetzen duen ahoa azken karieseraino. Formula hori aurkitu dugunetik, mundua leku askoz hobea da edo, bueno, nola esan, babestuagoa behintzat –osoki babestua, izan ere–. Solidario izatea inoiz baino erraz eta merkeagoa bihurtu du gainera, Babesaren Banku Zentralak ez baitauka kreditu-mugarik: gaur kausa batean babes osoa gastatu arren, bihar beste edozein kausatan inbertitzeko prest daukazu zure babes osoa berriz. Horrek pentsarazten dit babes osoaren kontu honek ez duela funtzionatzen kapitalismoaren logikaren arabera. Haizeak ere ez; eta hala jotzen du, segun eta nondik.
1 Iruzkin
Eutsi Gorka! ✊🏾 Nere babes osoa.