Herriko auzo berriko okindegi-kafetegira sartu da erosketa-poltsarekin kargatuta doan bezeroa eta begiratu du ea ogi-barrarik geratzen ote den, bazkalaurrea baita, eta normalena litzateke honezkero jendeak zegoen guztiari atzaparka egin izana. Noizbait lortuko balu dena goizago egitea, ai, orduan. Baina gaur behintzat zorte oneko dago, bada ogirik. Ez hori bakarrik, arto-ogia ere geratzen zaie.
Aukera daukanean hori erosten du, zeliakoa ez den arren, nabaritu duelako glutenik gabekoak askoz leunago geratzen zaizkiola estomakan. Osakidetzan proba eskatu behar lukeela darabil buruan azkenaldian: igual beste gauza asko bezala da hau ere, eta inor ez da ontologikoki zeliakoa. Agian zeliako-zeliakoek baino gutxiago izan arren, berak ere badu horretatik zerbait. Gero Googlen begiratu behar duela pentsatzen ari den bitartean eskatu du:
–Arto-ogi bat, mesedez.
Bestaldean lanean ari dena ikusten du, “Oliba-ogia / Pan de aceitunas” jartzen duen lekutik barra hartzen.
–Perdona, te he pedido un pan de maíz –zuzendu dio.
–Ah, como has dicho oliva…
–No, te he dicho “ogi bat”, o sea, “un pan” –lehenbiziko pertsona izan ote da okindegi honetan “ogi bat” eskatu duena?
–Mira –esan dio ernegatuta– yo euskera no hablo. Castellano, inglés y francés sí.
Hori da paumaren gogoa lumak erakusteko. Lasai egon gaitezke lokal honetako pertsonal poliglotari esker: prest daude eguraldi onarekin –tira, ona: maiatzean 35 gradutara iristea ona den neurrian– herrira etortzen hasiak diren turistentzat. Pena da konkretuki honek aukera gutxi izango duela mingaineratu dituen dohain linguistikoak luzitzeko, giriren batek giro hau bilatzen duenerako olibak arto bilakatuak izango baitira. Turisten artaldeak muinoaren bestaldera eramaten dituzte bazkatzera, arrantzale-etxe xarmantei argazkiak egin, pintxo batengatik 5 eurotik gora pagatu eta ontzi xuri politak uraren gainean ikusi; tankera horretako esperientziak.
Aldiz hemen, gauza interesgarri gutxi. Bere hizkuntzan aritzeko mania puta daukan tipo hau bezalakoak. Asuntu honi ogi-saltzaile euskas, euskamuts, euskaments honen aldetik begiratzen dion jendearentzat, izan ere, bezeroak ez daki berak baino hizkuntza bat gehiago, bezeroak daukana da mundu zabaleko hirietara –Laglande! Bitchfield! Guarroman!– irtetea eragozten dion atrofia mental bat. Euskaldunak zer jakin dezake ba, euskaraz gain?
Amorrazioa akoltxatzen duen ahots-doinu abegikor batekin, bereari eutsiz irten da bezeroa hala ere, “eskerrik asko” bat airean utziz, erosketa-poltsaren kondena esku batean, arto-ogia, garaipenaren ezpata, bestean.
Bezeroa beti bezero, prezioak konparatzen pasa du etxerako bidea, benetako problema horretan datzala ulertzeraino. Hizkuntzen merkatu-balioan, alegia. Hizkuntzekin dugun harremana dibisetan inbertitzearen pareko bihurtzean. Ogi-saltzaile poliglotari norbaitek sinetsarazi baitio beste mintzaira horiek ikasteak irabazi handiagoren bat emango ziola bere lana saltzeko orduan. Norbaitek sinetsarazi dion bezala euskaran inbertitzea apustu galtzailea dela.
Bezeroa beti bezero, dena den: hurrengoan ogia beste leku batean erosteko erabakia hartu du. Hartu duela uste du. Etxean, kozinatu bitartean, ogiari koskorra kendu eta ahoratu duen arte. “Ze mandanga ona”, esanez aurkitu du bere burua. Bezeroa beti bezero: produktuak garaitu duela jabetu da, itzuli beharko duela. Eta ez daki hurrengoan euskaraz eskatuko duen, ala leku horretan ogiaren konkistarako hobeto funtzionatuko dion formula erabiliz: “One baguette de maíz, por s’il vous please”.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]