Joan den astean 210 urte bete ziren tropa anglo-portugaldarrek Donostia erre, arpilatu, hiriko emakume gehienak bortxatu eta kiskalitako kaleak gorpuz bete zituztenetik. Eta Parte Zaharrean, 1813ko sarraski krudela ospatzeko –bai, ospakizuna zirudien–, XIX. mendeko soldaduz jantzita bataila baten simulakroa antzeztu zuten zenbait seniorrek. Danborrak ere jo zituzten noski, izan ere, urtarrilaren 20an “gubetipozez!” asko, baina San Sebastian eguna pasata abstinentzia-sindromea latza izaten da, nolabait igaro behar emozio joxemaritar fuerterik gabeko hilabete tristeak; eta koxkerina gogorraren faltan, edozein suzedaneo da on, nahiz eta abuztuaren 31ko supositorioa ez den burura igotzen “betialai!” aldarri egiteko adina.
Soldadutxoen kontu horrek, nola ez ba, kritika ugari eragin du Donostiako indar bizien artean. Kritika beharrezkoak, sarraski hartan dena galdu zutenen memoriak merezi duelako eztabaida serio bat, kalera Barry Lyndon bat eginda atera aurretik. Hori bai, dena esaten hasita, iruditu zait gure prentsan errun diren iritzi disidente batzuek karrakelak eta izkirak, denak nahasian atera dizkigutela, gertakari historikoei esplikazio borobilak eman nahian, ai, molde karratuak erabiliz. Zirkulua laukitu beharraren emaitza, esaldi hau: “Gernikan 124 urte beranduago bezala, Espainiaren mendekuak esplikatzen du Donostiako sarraskia 1813an”.
Intentzioa ona izango da, ez dut ukatuko, baina historiari begiratzeko modu horrek ondorio terribleak ditu, iragandako guztia gaur egungo identitate politikoen arabera berrasmatzen duelako, mende desberdinetako gertakizunak zaku berean nahasi, eta pelikula osoa zintzo eta gaiztoen istorio txar bat bihurtu, zeinean “gu” –euskaldunak– beti izan garen mantxarik gabeko aingeruak eta “besteak” –espainiarrak– beti infernuko etsai berak, gaitz guztien errudun. Den-den-dena sarrarazi daiteke dikotomia horretan gainera. Helburua gauzaren bat benetan konprenitzea bada, ordea, gimnasia gehixeago exijitu behar izaten zaio kaskezur barruko giharrari –1813koaren kasuan, Frantzestadaren ur zingiratsuetan gerriraino gutxienez murgildu behar da, Xose Estevezen “Sitio, asalto, saqueo e incendio de Donostia. Julio-septiembre, 1813” artikulua irakurriz, adibidez–.
Gainera –behin hasita, zertarako gelditu– soldadutxo-jolasen kritika horiei erosotasunaren urrin bat ere hartzen diet. Azken finean, duela bi mendeko sarraskiak ez du utzi zornatutako zauririk gaurko Donostian bizi direnen artean. Erraz sartzen ahal da hatza hor. Ez da gauza bera gertatzen Parte Zaharrean ez hain aspaldi ikusitako beste espektakulu tamalgarri batzuek memorian utzitako urradurekin. Lagun liburu-dendari Plaza Berrian zegoenean egin zizkioten pintaketak, molotov koktel bidezko erasoak eta liburu-erreketak datozkit gogora, baita jabeetako baten senarrak jasandako atentatua ere.
Abuztuaren 31n itxi dute erdigunera eraman behar izan zuten negozioa –galera handia: nekez irekiko da hirian berriro horrelako funtsik daukan liburu-dendarik–, baina Euskal Herria ziklo politiko berrian™ sartu zenetik hamabi urte pasa diren arren, gogorkeriaren garaiko kontu haiek garbitu gabe amaitu da Lagunen ibilbidea. Gaur egungo Donostiaren historia zati txiki bat hoberako aldatzeko aukera galdu dela iruditu zait, nahiko konbentzituta bainago liburu-denda jazartzeko egindako astakeria haiek erreparazio sinbolikoa eskatzen zutela, aitortza hori mesedegarria izango zela kalteen egiletza onartzen zuenarentzat ere eta, dudarik gabe, ekintza erradikalagoa izango zela hori Napoleondar Gerren memoriarekin lotutako ezer baino.
1 Iruzkin
[…] Erantzuna: Abuztuaren 31koak. Argia. Gorka Bereziartua. […]