Baina has gaitezen biharamunetik: hura bai zela konpainia, Txingudiko Zerbitzuetako uniforme fosforitoak soinean, banderarik gabe, txalorik gabe, bibarik gabe, batzuek patrimonializatzen duten “sentimendu” hori gabe. Beraz, irribarrerik gabe, lerrorik zaindu gabe, musikarik gabe, baina laneko tresnak eskuan, zuzen-zuzen norbaitek derrigorrez egin behar duen hori egitera, irailaren 9 batez Hondarribian beste inoren eskurik aurkitzen ez duen beharrera. Alegia, alarde diskriminatzaileak erabiltzen dituen zaldientzat frontoi batean inprobisatzen duten korta garbitzera. Aterako zituzten palada batzuk zaldi-kaka. “Zerbait usteldurik dago Hondarribiko herrian”, esango luke Hamlet-eko Martzelok, sudurra han jarriko balu.
Eszenak pare bat burutazio katearazten ditu: 1) ahobetekada inportanteak dauzkagula festen izaera eraldatzaileaz hitz egitean, baina gero festen biharamuna dator, eta hori iraultzeak ez du grina handirik pizten oraingoz; eta hortaz, uzten dugun kaka pila –metaforikoa ala literala– beti berdinek garbitu behar dute. Eta 2) “alarde parekide eta publikoa” entzuten duenean limoi bat azal eta guzti irentsi osteko imintzioa performatzen duen jendeak, kurioski, ederki aprobetxatzen ditu baliabide publikoak haien desfile pribatuak utzitako kaka pila –kasu honetan oso literala– pixka bat txukundu behar denean. “Boluntariuak, ez jornaleruak!”, oihu egingo luke haietakoren baten asaba karlistak, baina arbasoen kontu guztiak ez zaizkigu berdin interesatzen.
Aurreko eguneko historia, istorio eta story guztietatik atera dudan konklusio guztiz pertsonala berriz, zera da: keinuen alardea izan da 2023koa. Lehen aldiz Hondarribiko alkate batek –Igor Enparan, Abotsanitz plataformakoa– Jaizkibeli harrera egin dio. Lehen aldiz idem, EAJko Gipuzkoako ahaldun nagusi batek –Eider Mendoza–. Eta abar. Keinuak. Alegia, erabaki politikoen negozioan dagoen dibisarik merkeena. Hobe dira ezer ez baino, noski; baina klaro, ia hiru hamarkadaz egon da gordeta horrelako gauzak ospatzeko xanpaina eta honezkero kortxo zaporea izango du.
Keinuak merkeak dira, beraz. Eta horregatik, jende askoren eskuetan daude. Eta gauza ugari adierazteko erabil daitezke, ez derrigorrez denak norabide berean. Hor daukazu enpresa berekoak izanda elkarren antagonikoak diren keinu-inbertsioak egin dituzten hautetsien kasu miresgarria: Mendoza Jaizkibeleko kideei begi-kliskak egiten ari zen bitartean, azken hauteskundeetan herrian EAJren koloreak defendatu zituen alkategaia falta zuen alboan, alarde diskriminatzailea bakarrik ikusiko zuela argi adierazia baitzuen. Hortik ondorioztatzen da, keinuen alarde hau, agian, askotariko bezeroak fidelizatzeko marketin kanpaina ere izan dela: pack berri gisa ahaldun nagusia eskaintzen dizu orain alderdiak, zu alarde baztertzailean atera arren, emakumeen parte hartzea ondo iruditzen zaizunez; eta desfile bera azken hatsa eman arte defendatu beharreko gotorleku gisa bizi baduzu berriz, hor daukazu udaleko eskifaia jeltzalea, betiko –ups!– produktua eskaintzen.
2023koa, beraz, diferentea bai, izan da. “Historikoa” bezalako hitzak, ordea, hobe 2024an kontua behingoz soluzionatzen denerako uztea, nik uste. Hitzak urriak baitira, gastatu egiten dira, eta ez da komeni keinuak bezain erraz zirkulazioan jartzea.
1 Iruzkin
Aldarri testimonialetatik aparte, inork irudikatzen ahal ditu Alarde parekiderako urrats praktiko eta gauzagarri azkarrak?
Zeren keinu txikiei egiten zaien kritika zilegia, eraginkortasun haundiagoko proposamenek lagunduta etorri beharko litzaiguke.
Badakit, proposamen zehatzak egitea ez da kazetariaren lana. Eta baliteke, kazetariak neurri eraginkorragoak ezagutzea.
Nik ez ditut entzun, eta ez ditut ikusten.
Neri, bide “motz” bi baino ez zaizkit burura etortzen:
ERREPRESIOA (konpainia baztertzaileei partehartzea debekatzea, Beltzek eta guzti lagunduta), edo BI ALARDE onartzea (Irungo modeloa, Jaizkibel inguruko batzuek eta AFk lehenesten dutena).
Nere iritziz, bi “irtenbide azkar” hauekin ez genuke konponbidea hauspotuko.
Orduan, “dibisa merke” hauen ordezko ze neurri hartu beharko lirateke Alarde parekidea gauzatzeko?
Gure esku dagoena elkarrizketa da. Eta herri mailan lanketa soziala burutzea. Jaizkibelek eta beste talde batzuek modu arrakastatsuan aspalditik praktikatzen dutena.
Baliteke, aurtengo keinu “merke” hauek dagoeneko ustezko konponbidearen urratsak izatea. Bestelakoen prestaketan. Ikusi beharko dugu.
Eta ados naiz, lehen albiste “historikoa” izango da, konpainia parekideek Alardeko beste konpainien baldintza berberetan atera ahalko dutenean. Bigarrena izango da, konpainia guztiak parekideak izango direnean.