Ez diogu kasu handirik egiten Victor Hugori eta gero pasatzen da, trapatatan, pasatzen dena: gaur egungo zenbait kontu ulertzeko gakoak galtzen ditugula. Hartu Miserableak-eko bigarren mailako pertsonaia bat, Gillenormand jauna: iraganeko erlikia gisa erretratatzen zaigu, erregezale porrokatua baita, noiz eta XIX. mendeko folletoiaren erdian, jendea ohartzen hasi denean traje hori gastatu samar dagoela. Egun batean, nazkatu da Gillenormand bere semeorde Mariusen hippykeriez –errepublikazalea atera baitzaio–, eta hor hasten da zakarrizketan, erregimen zaharra pikutaratu zuten guztien buru gainean kaka egin behar duela: “Lapur hutsak ziren Robespierre zerbitzatu zuten guztiak! Ohoin hutsak B-u-o-naparte zerbitzatu zuten denak! Traidoreak denak, traizionatu, traizionatu, traizionatu zutenak beren errege legitimoa!”.
Eta horrela jarraitzen du puska batez, eta guk ere horretan utziko dugu –benetan: Miserableak, irakurri hil aurretik–, gaur izenak inporta zaizkigulako. Konturatu zarete? “B-u-o-naparte” dio Gillenormandek. Ez “Bonaparte”. Nonbait, agure karka samarrak premia sentitzen du Napoleonen korsikartasuna paseatzera ateratzeko, Frantziaren gaitz guztien iturria oso frantziarra ez dela aditzera eman nahian. Horrek gauza pare bat ulertzen laguntzen duela iruditzen zait, demagun, 1) bizilaguna atzerritartzat hartzea assspaldiko ohitura dela kontserbadurismo dekadentearentzat; eta 2) frantziarrik frantziarrenak ere badakiela Mediterraneoko irla hura ez dela puzzle hexagonalean ondo kabitzen.
Korsika-Frantzia partiduan gauza asko gertatu da geroztik –jokaldirik onenak Wikipedian–, eta bat-batean, aurreko astean, danba: Emmanuel Macronek ez du ba bota autonomia eman behar zaiela? Interesgarriena ez da izan nola erreakzionatu duen prentsa frantsesak, baizik eta beraien puzzleekin ere problema konponezinak dauzkaten beste estatuetako periodikoek: “Begiak igurtzi beharra zegoen hura sinesteko”, idatzi du Bruselako Le Soir egunkariko kronikagileak, esanez bezala: “Guk daukagun saltsa ikusita, zuek ere horretan hasi behar al duzue?”. El Mundo egunkari espainiar oso espainiar eta asko espainiarrak berriz, nabarmendu du Macronen planak Frantziako Konstituzioa aldatzea eskatuko lukeela –eta kultura politiko espainiarrean, badakizue noski, Konstituzioa aldatzea tabu handiagoa da gurasoekin larrutan egitea baino–.
Labur esateko, Macronen puzzlea eurogauza horietako bat ere badela. Eta nik ez dakit kontuak nola bukatuko duen, baina Bidasoaren alde honetan autonomia, estatutu, estatus, foru-hobekuntza, kupo, transferentzia eta beste mota askotako kontserben prestakuntzan esperientzia pixka bat pilatu dugunez, iruditzen zait Frantziako presidenteak dribbling honekin zeozer irabazi duela. Hasteko, Yvan Colonnaren hilketaz geroztik Korsikan zegoen rollo txarra baretzeko erabil dezake xingola batekin bildua eskaini berri duena. Eta jarraitzeko, denbora ere irabazi dezake, asuntu honen eskutik erdiz erdi ireki daitekeelako kalabaza tripontzi bat, hedabideetan ordutarako talaka emango duena aitortzarik ez duten gainontzeko nazioez: kontxo, hemen zeundeten beraz? Zerbait nahi duzuela? A, baina hori ez. Ea zer iruditzen beste hau. Eta tokian tokiko hautetsiek bost galdatu, eta Parisek arrapostu konformatzeko birekin, eta tantorik gabeko pilota-partidu administratibo eternal bat, procesisme macrondar baten hasiera izan daitekeena.
Portzierto, Miserableak-eko Gillenormand jaunaren etxean bada baionar bat ere. Ez dio molestatzen Napoleon korsikarrak bezainbeste: morroi leiala du “Basque” soil batez izendatzen duen pertsonaia. Deus gutxi eskatzen diolako izango da.