Hainbeste denbora pasea zuten elkar ikusi gabe, presentazioak egin behar izan zirela: “Euskalgintza, hau kalea da; kalea, hau euskalgintza”. Gero betikoa, lan hori hartu zuenari esplikazioak: bueno, berez ezagutzen zuela batak bestea eta besteak bata, baina assspaldi inon kointziditu gabe, kaleak dio azkenaldian ibili direla feministak, komunistak, internazionalistak, negazionistak… Euskalgistak, ordea, ahaztu samarrak zeuzkala dagoeneko. “Igual Egunkaria itxi zutenean tokatu ginen azkenekoz?”. Atzo izan zela ematen du, bizitza ze abailan doan, e? Eta erdi-galderan kaleak: “Umeak ere handituta izango dituzu honezkero”. Eta euskalgintzak erantzun: “Ui, bai, bai, nagusia hasi da dagoeneko txostenak idazten, laster joango da unibertsitatera. Hurrengo talde-dinamikan post-it guztiak berak itsatsiko dizkigu, kar, kar”.
Jende pila ederra juntatu zen behintzat Bilbon. Erraz esaten baita, 70.000 lagun. Manifa hotz samarra, baina bueno, bada giharrik. Edo behintzat, bada kezkarik, hori ezingo du inork ukatu pasa den larunbatetik aurrera: lehenago hi baitinçan arduretan azquena, oray aldiz içaneniz orotaco lehena txo, zeren martxa honetan jarraitzen badugu, gertakari flipanteen Guiness errekorren bat ere hautsi behar da hemen. Ez dute ba EAJk eta EH Bilduk beren lehia kaindarrean su-eten humanitario bat dekretatu Eusko Legebiltzarrean elkarrekin manifestazioa babesteko?
Besteak beste Minima Maltzaga horrek lortu du euskararen aurkako erabaki judizialen gaia “agendan” sartzea, komunikazio politikoko jerga pedantean esaten den moduan. Bat batean prince eta iaun handiec oroc haren galdia eta –bigarren gertakari flipantea– Vocento taldeko egunkarien bitartez jaso dute esplikazioa, azalean etorri baita manifestazioaren berria. Madrilgo Ferraz kalean gobernua osatzeko puzzlegintzan dabilen baten batek ondo irakurriko zuen mezua, espero: hauek ez zebiltzak katalanki, behar denerako bat egiten ditek; eman toke bat judikaturan edo egin zerbait hizkuntza-politikaren konpetentziekin asuntua desmadratu baino lehen.
Kanpora begira, beraz, arrakasta totala Bilbokoa. Manifadvisor.com-en bost izar eta iruzkinetan HEUSCARARI EMAN DIO BEHAR DUYEN THORNUYA euforikoak irakurriko lirateke, norbaitek, ai, horrelako aplikazio bat behingoz abian jarriko balu –behar dugu ze, udazken honetan ez dakit manifez aparte beste ezer egiteko denborarik geratuko zaigun; eta nonbait baloratu beharko ditugu kontu hauek, behar objektiboa da–.
Barrura begira jartzean apaltzen dira animoak, erortzen dira bekainak, garrazten da eztarria, biharamunean egunkari abertzaleek ere eman baitute azalera notizia, 70.000 personas se plantan ez-dakit-zer eta rotundo apoyo badakit-zerka. Gaia dena izan arren, pretentsio elebidunekin sortutako periodikoak izan arren, azaletako titularrak erdaraz. Kontuak ez du eztabaidarik ere eragiten jada, kasik eskerrak eman beharko ditugu notizia gaztelaniaz atera dutelako, inporta duten beste gauza guztiak ateratzen diren bezala, alegia. Agian hizkuntzaren malkarrean –malkarrean diot, bai; “alorrean” optimistegia litzateke–, ezagutzen dugun abertzaletasunak ez du gehiagorako ematen. “Zer uste dute ba epaile eta legelari espainol horiek”, harro esateko balio du; eta segidan, harroago oraindik, eransteko: “beraiek ez, guk erabakiko dugu hemen euskara nola ez den erabiliko”.