Durangon pare bat egun pasa, han-hemenka publikatutakoak irakurri eta, egia esan, poztu egin naiz. Diabetikoa ez izateaz, konkretuki. Izan ere, bost egunez euskaldunak han zintzurretik behera pasatzen duen menuan hainbesteko presentzia dauka eztiak, ezen glukosarekin tentuz ibili behar duenari kalte egingo bailioke, nik uste.
Ez gaizki interpretatu, e: eztiaz bere zentzurik primarioenean ari naiz –testu honek kontrakoa adierazten duen arte behintzat–. Badakizue noski, nik baino hobeto gainera, erleen produktu izarrak zer funtzio duen, nola babesten duen haien metabolismoa, nola injektatzen dien energia hegan egin ahal izateko astindu behar dituzten giharrei. Nola, bereziki klima hotzetan, elikagaiak eskas direnean, erle langile goaitatuek I+G askorekin inguratzea lortu duten eztia izaten den indar amiñi bat biltzeko modu bakarra.
Hortik atera liteke bi soseko metaforaren bat noski, Durangoko eztiaren bultzadaz dela posible euskal erle-sortzaileentzat mehealdian bizirik irautea eta abar. Baina (api)kulturak hori baino gehiagorako ere ematen duenez, jantzi dezagun erlezain trajea eta goazen lan pixka bat egitera.
Erle-dantza handia izan baita. Joan den ostiralean, urrutirago joan gabe, hainbeste jende ibili zen, ezen hiru bider itxi behar izan baitzituzten Landakoko ateak, legeak baimentzen duen kopurutik harago gainpetatu ez zedin. Zain geratu behar izan zuen publikoaren parte baten atxakeengatik ez balitz, norbaitek pentsatuko luke barruan Quevedoren zerbait zegoela –portzierto, izen hori irakurri eta idazle barrokoan pentsatu baduzu, zaindu atxake horiek–.
Hobe da laineza horrekin ibiltzea Artekalen Far Westeko belar-bolak pasatzen ikustea baino, inork ez du hori zalantzan jartzen, baina kontrastea behintzat kuriosoa da, gero urte osoan konfiantzazko iturriek esaten baitizute euskarazko liburuen salmenta ez dela momentu onenetik pasatzen ari. Bi datuen gurutzaketak –Durangoko betekada, urte osoko indiferentzia– gogora ekarri dit musikan pasa dena: nola ordezkatu dituzten festibalek kontzertu-aretoak, sortu den arte egoera bat non publikoaren zati handi batek musika zuzenean entzuteko urtean behingo ebentoren bati itxaroten dion –gaiari buruz, bide batez, Su festak liburu interesgarri askoa publikatu du Jon Urzelaik Susa argitaletxearen eskutik: korri irakurtzera–. Euskarazko liburuak feriatzeari dagokionez ere, antzeko zerbait gertatzen da: Durangon jende asko, liburu-dendan edo liburutegian gutxi.
Kontu berri-berria ere ez da, euskal literaturaren aje historikoetako bat da izatez; Durangok ez luke agian horrenbesteko pisurik izango gauzak bestela izango balira. Baina ajea izaten jarraitzen duelako hain zuzen, deigarria da urtea joan eta urtea etorri gaiak eztabaida pixkatxo bat ez eragitea eta, are gehiago, gure zunburrunak azkenaldian ospakizunetik gertu dagoen hotsa egitea abendua iristearekin batera.
Ondorioak ere bai baititu liburuekin eta kulturarekin daukagun erlazio zehatz bakoitzak: urtean behin kontzentratutako kontsumoak irakurle mota bat sortzen du, gozo sartzen dena, baina likido samarra. Urte osoko irakurlearen eztia lodiagoa izateaz gain, handik edaten duenak, zorte pixka batekin, noizbait idatzi ere egingo du. Eta asuntu kulturaletan interesanteena, nik uste, bigarren hori da: edozeinen gaitasun sortzaileak askatzeko abaraska izatea.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]