Batzuetan, esaldi bakar batek justifikatzen du liburu osoa. Adibidez, Julian Barnesen Nothing to be Frightened Of, zeinaren lehen lerroan honakoa irakurriko duzun: “Ez dut jainkoarengan sinesten, baina haren falta nabari dut”. Ez baitira bateraezinak fedebakotasuna eta fedemina. Izan zaitezke ateo totala eta, hala ere, sinestedunei inbidia pixka batez begiratu, sikiera haiek igande goizero badutelako plana finkatuta. Zuk berriz, aste osoan erdi-ondo deskantsatuta harrapatu zaituen oilarite bakarrean, kafesnea berotzen ari den bitartean eskua pijamapean sartu eta ipurmasail bati hazka egiten diozularik, “eta orain, zer?” galdezka ikusten duzu zure burua.
XXI. mendean, dena den, zerbitzu eta produktu berriz inguratuta bizi gara eta kristauen atzetik mezara joan nahi ez duenarentzat ez da hain konplikatua entretenimenduren bat aurkitzea igande goizeko hutsune existentziala betetzeko. Pasa den jaian, adibidez, Bilboko Euskalduna jauregian ez zen saltsarik falta: Ines Osinagaren eta Joseba Sarrionandiaren errezitaldi musikatua; Bakartxo Ruizen eta Joseba Asironen antzezlana; eta eguneko platera: Pello Otxandianoren speech-a EH Bilduren lehendakarigai trajea jantzita –ez da figura erretorikoa: Otegik gauza inportanteak esateko erabiltzen dituen jaka horietako batekin salto egin zuen han juntatu zen afizioaren aurrera–.
Konparazio hetero-futbolero bat egin beharko balitz, esango nuke hura izan zela fitxaketa berriak aurkezteko egiten diren agerraldi horietako bat. Eta horrelakoetan, badakizu, gauza asko-askorik ere ez da ikusten. Baloiari ukitu batzuk, lau argazki eta asmo-deklarazioak gehienez. Asuntua oraindik berde samar dagoela antzeman zen hitzaldiaren ideia indartsuetan ere batere kanbiatu ez zen prosodia monotonoan; eta Otxandianori nabaritzen zaio bere perfil pertsonala erakusteko halako pudore bat. Aurredenboraldian dago.
Edo agian horixe da ezker abertzaleak bilatu duena: partidu-partiduko norbait izango da EH Bilduren lehendakarigaia. Alegia, 2012tik hona haien zerrendaren buruan egon izan diren hautagai celebrity eta “independenteak” ez bezalako norbait. Egongo da kalkuluren bat horren atzean. Demagun: meriendatutzat jo dute Podemosek zeukan espazioa, Gipuzkoan eta Araban lehia nahiko berdinduta aurreikusten dute eta Bizkaiko jende zintzoak limurtzea izan liteke kontua, edozein amaginarrebak nahi lukeen suhia eskainiz –tipo gazte eta segaila, hitz bat bestea baino altuago esaten ez duena, telekomunikazio ingeniaria: hi etxerako–.
Hori bai, EH Bilduk eta EAJk problema bera izango dute: lan handia egin behar politika instituzionala gertu-gertutik jarraitzen ez duen publikoari –alegia, ia kristo guztiari– beren produktu berriak ezagutarazteko. Datozen hilabeteetan, imajinatu okerrena: hautagaiak ikusiko dituzu pianoa jotzen, arraunean, elkarte gastronomikoan, Zetaken edo ETSren kontzerturen batean, auskalo. Bi pertsonaiak pixka bat mamitzen diren arte, asko sufrituko dugu ikusleok. Eta pairamen hori jasateko inolako heldulekurik ez: fede partidistarik gabekook horrelako momentuetan inbidiaz begiratzen diegu zerbait sinetsi nahi dutenei.