Brastakoan hedatutako laino itxiari ohi zaion izu-zirrarak hotzikaratu ninduen. Jorge Gimenez Bech hil da. Bidasoako Errepublikan triste gaude, galeraren tamaina neurtu ezinda. 30 urtez Alberdania argitaletxea gidatu zuen; Euskal Editoreen Elkartea beste hamalau urtez; Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendaria beste bederatziz; Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikako Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria ere izan zen; eta itzultzailea; eta haren ibilbide profesionalari buruzko beste datu asko ere aipa daitezke; baina horixe, datuak. Datuekin obsesionatuta bizi da mundu hau. Eta horrelako momentuetan jabetzen gara ez dutela gauza handirik esplikatzen. Liburuetan hasten gara esaldi bila.
Sentimenduak adierazten dituzten hitzak lausoak dira oso. Hobe da horrelakoen erabilera saihestea eta gauzak, gizakiak eta norbera deskribatzera mugatzea; hau da, gertaeren azalpen hutsera. Nobedade bakoitza liburu-dendara iritsi aurretik: originalak inguratu, hautatu, testuak editatu, kontratuak prestatu, maketatu, diseinatu, egilearen argazkia enkargatu, biografia laburra moldatu, kontrazaleko testua txukundu, inprimategikoak bideratu, galeradak errebisatu, banaketaz arduratu, prentsa-oharra errepasatu, aurkezteko lekua lotu, hedabideetako eta sareetako zabalkundea bermatu. Publikoak liburuez eta idazleez hitz egingo du. Eta hala beharko du, baina bidean egiten diren aitortza gutxiko lanengatik ez balitz, ez legoke zertaz hitz egin. Irungo Istillaga plazako makina-gelan beti Jorge Gimenez. Gure panorama kulturalean zenbat egon dira prest argitaletxe baten ardura bizkar gainean horrela hartzeko?
Bakeak egiteko proposamen bakoitzari beste bat eranstea gomendatzen zuen K. jaunak, lehen proposamena aintzat hartzen ez den kasurako. Ez da lana bakarrik ordea. Ezta ardura bakarrik ere. Editore baten tamaina josten dituen konplizitateek ere erakusten dute. Eta Gimenezen kasuan, zabaleran neur daiteke. Alberdaniaren katalogoa errepasatzen, zer gauza argitaratu zituen, zer garaitan, argi ikusten da gai izan zela lagun/etsai dikotomia antzuak gaindituz zubiak eraikitzeko une gogorrenetan ere, bakoitza berean gotortzeko joerak kasik instintiboa zirudienean.
Banekien ordurako ohartuta egonen zela bere hutsegite zoritxarrekoaz. Ni ikusi orduko ulertu zuen zertan ari nintzen: nire ondoan paper hautsien pila bat zegoen. 1982ko urriaren 9an ETAk Jose Jimenez Mayoral guardia zibileko kapitain erretiratua hil zuen. “Nire aita Behobiako espaloi batean hilda zetzan”, idatzi zuen Gimenezek, egun hura gogoratuz. “Amorruz eta minez suntsituta eraman ninduten nire amaren ondora. Amorrua eta mina nire amaren begietan ere. Eta haren ezpainetan galdera bat, geroztik nire barruan burrunbaka: ‘Nor babesten duzue?’ (…) Ez dakizue zenbateraino ulertu nuen nire amaren salaketa, ni ere barne hartzen ninduena. Nire egiteraino ulertu nuen. Hiltzaile sentitzeraino. Nire aitaren hiltzaile”. Duela bi urte argitaratu zuen artikulu hark zer pentsatu ematen du oraindik ere. Hitz haien bitartez erakutsi zuen autoexigentzia etikoa ere gera dakigula, besteen erruak bakarrik seinalatzen tematzen diren memoria-ariketetatik zertxobait harago iritsi ahal izateko.
Letra etzanez idatzitako esaldiak liburu hauetatik hartuak dira: Anjel Lertxundiren Otto Pette (Alberdania, 1994); Agota Kristofen Koaderno handia (Alberdania, 1997); Bertolt Brechten Keuner jaunaren kondairak (Alberdania, 1999); eta Danilo Kišen Hildakoen entziklopedia (Alberdania-Elkar, 2005).
1 Iruzkin
[…] Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. Jorge Gimenez Bech, 2020ko argazki batean (Gotzon Aranburu / […]