Traje distiratsua eta montera beste okasio baterako erreserbatuta, jertse morea eta ukabil itsutu baten txapa paparrean agertu zen Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaia martxoaren 8an Euskadi Irratiko estudioak toreatzera. Eta ez pentsa, tipoa nahiko ondo moldatu zen hasieran: Iñaki Guridi larrazezenaren lehen ekinaldien aurrean veronika eder batzuk atera zitzaizkion, adibidez emakume langileen eguna “aldarrikatzeko eta borrokatzeko” zela esan zuenean.
Plaza osoa horrelakoekin mamiak urturik ikusita, muleta-paseetan laketu zen pixka batean: harrituta agertu zen, zenbait gizonek oraindik M8a emakumeak zoriontzen hasten dutela ikusita; eta gogora ekarri zuen egiteko asko dagoela. Faena borobil atera behar zitzaiola zirudien.
Gero ordea, hondar gaineko lanak moretik ubelera pasa ziren, eta adarren bat gertu samar pasa zitzaiola sumatuta edo, hanketan flakia nabaritzen hasi zela esango nuke. Ertzaintzaren azken asteetako jokabideaz galdetu baitzion kazetariak, alegia, hilabete eskasean polizia autonomikoak foam balak tirokatuz 16 urteko mutil bat, 60 urteko emakume bat eta 44 urteko beste bat zauritu dituela Tolosan, Gasteizen eta Donostian hurrenez hurren.
Ertzaintzan momentu honetan egoera ez dela onena esaten hasi zen Andueza, baina gero lan baldintzez eta falta diren material batzuez zeozer zezelkatzen nahasi zen eta lantze hori nahiko desitxuratua geratu zitzaion.
Estakilladoreari urduri helduta, futboleko ultren kontra jardun zuen hurrengo paseetan, gaia Anoetako estadioaren inguruan gertatutakora murriztu nahian-edo. Zezenak geroz eta estuago hartzen zuen. Ondo-ondotik pasatzen zitzaion, haren izerdi beltza usaintzeko moduan, adar horiek trapua ebaki behar zioten halako batean. Eta larri hartan, Anduezak erabakia hartu zuen. Ez traje distiratsu, ez jertse-eta-txapa-aliatu-more: Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren Unitateko uniformea janzten hasi zen elkarrizketaren erdian.
Ordurako publikoaren parte bat, purista samarra dudarik gabe, marmarka ari zen ezin dela piura horrekin atera, kasko, iskilu eta botatzarrekin, tertzio-lanak egitera. Baina PSE-EEren lehendakarigaiak badaki 600 kiloko animaliak ere erraz etzaten dituela munizio polizialak eta, total, paraje hauetan geroz eta jende gutxiagok apreziatzen du tauromakia, beraz, zertarako nekatu.
Ugartekoren espirituak hartu zuen, hortaz: “Ertzaintzak nik uste bere protokoloak dituela eta istiluak sortzen direnean sartu egin behar dira. Hor ez dago inongo dudarik. Protokolo horren barruan beren lana egiten badute, ba ederto, ezta? (…) Nik beti diot gauza bera: niri poliziak ez dit inoiz pilota batekin edo borra batekin eman, ni mugimendu horietan ez naizelako sekulan egon”.
Korrida tamalgarri hura zuzenean entzun zuen honen iritziz, Anduezaren adierazpen horrek nahiko argi erakusten du gure liburu potolotik euskal gatazkaren orrialdea presa handi samarrez pasa dutela askok. Eta klaro, ez dute ikasi han idatzita zegoen funtsezko gauza bat: biolentzia jasan duen norbaiti buruz “horrek ere zerbait egingo zuen” –edo tankerako gauzak– esatea, indarkeria hori justifikatzeko modu bat dela. Edozein indarkeria justifikatzeko modu bat, alegia.
Azkenerako PSE-EEko lider adarkatua gai izan zen irratiko atzeko atetik ateratzeko. Zauri arinak. Baina kanpaina luze egingo zaiola aurreikusten dut. Ausarkeria ez baita aski zezen plazara ateratzeko: toreatzen ere jakin egin behar da.
1 Iruzkin
Kar kar kar…barre egiteko alegoria ederra!!