Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Adidas

Gorka Bereziartua
2024-03-25
1

Definitiboki garai baten amaiera pasatzen ari zaigu muturren aurretik. Sinetsi nahi ez duenak ere ezin du beste alde batera begiratu seinaleen aurrean. Azkena Alemaniatik iritsi da: hango futbol selekzioak iragarri du taldea ez dela 2027tik aurrera soropilera irtengo Adidas markako ekipazioarekin. Aristerrazun techno jaialdi bat iragarriko balute gutxiago harrituko nintzateke, 70 urtez Alemania Adidas izan baita eta Adidas Alemania.

Beste inon horrelako erabaki batekin sortuko ez litzatekeen istilua eragin du notiziak, izan ere, Herderren herrialdean txikili-txakala dabiltza beti beren Volksgeist-arekin. Erraz-erraza ere ez du izan behar beraientzat, zeren klaro, ea nork ematen dion buelta espiritu nazionalaren kontuari, ejem, nazismoa asmatu eta gero. Beraien marka komertzialak –BMW, Audi, Puma eta abar– merkatu libreko abertzaletasunaren sinbolo bihurtzeak hasieran funtzionatu zien arren, Sturm und Drang batek baino gutxiago iraun die. Volkswagen eskandaluarekin Kulturpessimismus betean sartu ziren eta erremateko tiroa dirudi dibortzio futbolero honek.

Gauza jakina da, ez dago bizi osoan jantziko zaituen markarik, ezta mila urte iraungo duen Reich-ik ere, baina hala ere ezin sinisturik agertu da prentsaren aurrera Robert Habeck ekonomia ministro berdea, esanez hiru marradun marka eta selekzioaren arteko lotura “alemaniar identitatearen zati bat” dela; eta hornitzaile-federazio tratuan “abertzaletasun pixka bat” falta izan dela. Karl Lauterbach osasun ministro sozialdemokratak beste kuartillo t’erdi: “Erabaki okerra iruditzen zait, zeinean merkataritzak tradizio bat eta etxearen zati bat suntsitzen dituen”. Markus Söder Bavierako ministro-presidenteak (CSU) ere aldarrikatu du selekzioak hiru marradun elastikoa jantzi behar duela: “Baloia biribila dela eta partiduak 90 minutu irauten duela bezain argi zegoen hori”.

Argi zegoen, halaber, Adidasek proiektatzen zuen imajinarioa: eraginkortasuna, fidagarritasuna, lehiakortasuna. Talde diziplinatuak, joko sendoa eta dotorezia. Alemaniak berdegunea zapaltzean transmititzen zuen espirituari eder zetorkion. Zerikusirik ez selekzioaren hornitzaile berria izango den Nike marka estatubatuarrarekin: fantasia, takoiarekin emandako paseak eta ñir-ñirra; jokalariak marrazki bizidunetako pertsonaien gisan agerraraziz lortu zuen 90eko hamarkadan futbolaren munduan nagusitzea.

Hau guztia serio hartuko bagenu, eta kontsumitzen ditugun markek balio politiko edo sozialen bat daukatela uste dugun esnob horietakoak bagina, antolakuntzaren eta espontaneismoaren arteko debate klasikora iritsiko ginateke. Baina ez garenez, polemikaren zinismoan geratuko gara: Adidasen produktu asko Asiako lan-indar merkeak baldintza jasanezinetan ekoizteak edo enpresaren akziodunen artean aspalditik alemaniarrik apenas egoteak ez zuen, nik dakidala behintzat, inor aberri minez kantari jarri klase politiko germaniarrean. Gainera, gaiaz barrundatzen ari nintzela, okurritu zait kontu honekin espantuka dabiltzan bitartean, genozidio betean Israeli laztantxoak baino zerbait gehiago egiteak ere ez diela lorik kendu.

Harrigarria da zenbat miseria estal daitezkeen hiru marrarekin. Gaur egun, banderak baino hobeak dira markak funtzio horretarako.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Juan Luis Zabala Artetxe (e)k dio: Erantzun
    2024-03-28, 19:12

    Eskerrak guk ez ditugula inoiz Elosegi txapelak horrela baztertuko.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Anduezaren korrida2024-03-18
Euskal Herria a(ta)skatuta2024-04-08
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA