Ni ere han nengoen. Historikoa izan da pasa den asteburukoa. Agian, apika, akaso, ez dugu horrelakorik ikusiko beste 40 urtean eta, egia aitortzea nahi baduzue, ni pozik nengoke. Esan dudan bezala, bertan bainengoen: nazioarteko espazio estaziotik ere ikus zitekeen pasa den ostiralean Behobian sortu zen auto-pilaketa –zertaz ari nintzela uste zenuten ba?–; eta sakramentu guztiekin irentsi nuen, ni ere atasko bilakatzeraino, gauza jakina baita errepide kolapsatu batean besteen berebilek zu izorratzen zaituzten bezainbeste izorratzen diela besteei zure ibilgailuaren ipurdiari pegatuta ttur-ttur joan beharrak; hortaz, ardura partekatu behar da –edo kooperatibizatu, edo arduradunak saretu; zuen esku espresio txiripitiflautikoena aukeratzea–.
Guztion artean egin genuen, beraz. Gaindi ditzagun behingoz perspektiba indibidualistak, tamaina horretako gertakariek bestelako begirada eskatzen baitute: han, Kantauriren hegian, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa elkartzen diren puntuan, Faisaien uhartearen eta Faisan tabernaren artean, Gabriel Arestik bi estatuen arteko zubia pasatzean “Gora Euskadi askatuta!” aldarri egiten zuen inguru hartan, nazio mailako metafora berria burutu zen –irakurlearen esku uzten dut berriz ere zeregin hauetarako aditz trendy-ena aukeratzea: “gauzatu” edo “gorpuztu” ere onartzen dira–: Euskal Herri ataskatua.
Askatutik ataskatura, osagaiak ez dira berez asko-asko aldatzen. Portaeretan dago diferentzia. Emantzipazio nazionalak eta auto-ilara nazionalak, kontrakoa dirudien arren, antza baitute alde askotatik: bakarrik ezin dituzu sortu, jende pila batek parte hartu behar du posible izango bada; eta denek norabide bererantz abiatu behar dute; eta denek batera. Berekoikeriak markatzen du diferentzia, jakina denez auto-pilaketaren esentzia bakoitzak bere zilbor burujabeari begiratzean datzalako –gehi istripua eragitetik gertu dauden maniobrak egitean; eta pasa ezin den lekutik aurreratzen saiatzean; eta, labur esateko, listoetan listoena izaten ahalegintzean–.
Dinamika soziopolitikultural ataskatzaile horretan murgilduta dago, oi, gure herria, zeinak Guiness errekorren bat puskatuko baitu laster eztabaida bizantziarren kategorian. Astero produzitzen du baten bat, hasi 2024an erdaldunak deskubritu eta Euskal Herriari “euskararen herria” deitzea ez dela zuzena solemneki deklaratzen duen artikulutik; segi euskara batua vs. euskalkiak ika-mikaren round berri bezain kitzikagarriagazzzZZZzzzZZZ; igaro aurten kontu hauekin interesatzen den jende guztiaren wrapped-ean agertuko den lehia probintzianotik –gainera bertsio futbolzalea eta multi-kultia dauzkazu aukeran: denbora galtzeko gure produktuen ugaritasuna!–, eta horrela jarraitu ilarak Aturritik Ebrorainoko bide guztiak tapa-tapa eginda uzten dituen arte.
Behobiako atasko nazionalean behintzat, pozik zirudien pertsona bakarrak Bidasoako urak zeharkatuz aurreratu gintuen, banku mugikorreko kanoan. “A ze ergela: ez du ikusten norantz ari den arraunean”, esan zuen autoan egosten bi ordu zeramatzan batek, bere proiektuaz oso konbentzituta.
Portzierto, ondorengo egunetan ez da guztiz argitu zirkulazio-kaos horren egiletza. Medio ofizialek turisten pilaketa eta eltzetzu/hedexurien kontrol bat aipatu dituzte, baina ez dakit ba, nik ez nuen halakorik ikusi. Askoz posibleagoa iruditzen zait bidean iraulita geratu zen lehen autoak PSE-EEko lehendakarigaiak kanpainan erabiliko duen furgonet… barka, “Enekoneta” pasatzen ikusi izana. Horrek eragingo zuen eusko gidariaren harridura. Horrek probokatuko, jarraian, eusko gidariaren barre algara kontrolaezina. Eta istripua, noski. Ez da asteotan ikusiko dugun bakarra izango.
1 Iruzkin
Ataskoaren arrazoia jakin nahi? Zorionekoak gu, kontrako noranzkoan gindoazenak Iparraldetik Hegoaldera arratseko ordubi t’erdiak aldera: bidesaria ordaintzeko errailen erditik gora itxiak zituen Gendarmeriak, eta kotxe andana miatzen ari zituzten ezker errailean paratuta, goitik behera, euren bidaiari guztiak bide bazterrean zeudelarik. Eta hortik sarri pasa naizen arren, behin ere ikusi gabea nintzana: 3 guardia zibil kotxe zeuden alde “frantsesean”, euren “sozioen” babes nahiz “auditoria” lanetan edo. Ordu horretan pilaketa Irun erdialdeko autobide irteeraraino iristen zen.