Lagunak, adiskideak eta beste hainbat etsai

Gorka Bereziartua
2
Jon Sarasua Donostian eman zuen hitzaldian (Andoni Canellada / Foku).

Pasa den asteburuan inguruko jende guztia Pedro Sanchezen aferaz aritzea espero nuen, baina larunbateko bazkalostean beste kontu bat zegoen trending: Jon Sarasuak Donostian bertso txapelketei buruz emandako hitzaldia. Euskal gai bat Telecincori eta LaSextari irabazten, alajaina: oraindik bagarela zerbait. Gehienok hitzaldi hartan esandakoa ezagutu badugu, Amagoia Mujikak Naiz-en argitaratutako kronikaren bidez izan da; gero erreakzio zorrotada etorri da sareetan; eta ni nire artean: “Sarasua oker dabilela iruditzen zait ba; ez dut ulertzen zergatik enpeinatzen den hainbeste jende hari arrazoia ematen”.

Ea, esplikazioak: Sarasuak urteak daramatza ezker politikoarekin kritiko izaten eta, alde horretatik, harritzeko-harritzekoa ere ez da joan den astekoa. Nobedade nagusia da kritika horretan anti-woke paketea integratu duela, alegia, AEBetako eskuinak tonaka esportatu dituen topikoetako batzuk–balizko zentsura progrea edo sistemak ustez bultzatzen duen multikulturalismoa, LGTBI politikak eta abar–. Eta oker dabilela diot, erantzun errazegiak iruditzen zaizkidalako horiek, Sarasuak berak aitortu izan duen bezala, bizi duen urtetako krisi ideologikoarentzat. Joera aurrerakoi guztiez ideologia bakarra balira bezala hitz egiteak, adibidez, brotxaren lodieraz pentsatzen jarri ninduen, bandaren zabaleraz ahaztuta.

Eta hala ere, erreakzioek neurri batean arrazoia eman diotela uste dut, kontrako helburua izan arren: ezkerraren kantzelazioa salatzen duen norbaiti egin dakiokeen faborerik handiena da horrelako adierazpenen aurrean herri-espantugintzan hastea –“Ikusten? Ezin da ezer esan!”–, are gehiago iruzkinen portzentaje handi bat deskalifikazio pertsonal hutsak badira. Artikulu gutxi eta txio asko produzitzen ditu euskal komunitateak. Eta, niri behintzat, eztabaida publikoan jokatzen duen modua ikusita, ez zait iruditzen bere buruaz daukan irudia bezain progrea, Carl Schmitten lagun/etsai bereizketan gehiegitan erortzen baita: etsai publikoa aurkitzen duenean ordena aurkitzen du; eta hasperen egiten du, azkenik lasai haserretu daitekeelako norbaitekin.

Baina ezinbesteko etsaiaren bilaketa ez da “ideologia progresistei” leporatu ahal zaien zerbait –Schmitt nazia izan zen–. Eta beste hainbeste esango nuke bertso txapelketen ajeez ere. Markoa aipatzen duen arren, Sarasua pinturaz ari baita etengabe, alegia, txapelketetan kantatzen den eduki politiko konkretuaz. Nik berriz, inpresioa daukat txapelketan gertatzen den guztia edukiontziak berak baldintzatzen duela. Ze, azken finean, zeri buruz ari gara? Sortzaile batzuek beren merkatuari ia 1:1 eskalan aurre egin behar dioten egoera batez, kantatu behar duenarentzat nahiko krudela iruditzen zaidana, bezeroak berehala erreakzionatu dezakeelako –eta bat-batekotasuna ez da, denok dakigunez, ñabarduren oso laguna–. Marko hori nahi duzuna izango da, baina aurrerakoia ez zait iruditzen.

Hurrengo lau urteetako bertsolari onena nor izango den lehia indibidualizatu bidez ebaztea, bertsolariak ez-dakit-zer mugimenduren ordezkaritzat hartzea, sorkuntza gauza puntuagarri bilakatzea eta beste zenbait kontu ere eztabaidagarriak izan daitezke, hain zuzen, ez direlako ondo ezkontzen, nire kasuan behinik behin, emantzipazio kolektiboaz daukadan ideiarekin. Kritika asko daude egiteke bertso txapelketez, ezkerreko marko ideologikoetatik batere atera gabe. Baina klaro, aber nork jartzen duen kopeta intxaur horiek irekitzen hasteko. Errazagoa da, noski, gaitz guztiak pertsona bakarrari leporatzea.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA