Nazio ala imitazio

Gorka Bereziartua
0

Adi Txetxu, ezusteko emaitza daukagu-eta Urritxen: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak esan ez du ba euskal gatazkaren amaierarako “akordio esangabe bat” dagoela, “Ostiral Santukoaren antzekoa”? Madrilgo Ateneoan Teresa Whitfieldekin izandako solasaldiaren kronika mamitsua idatzi du Berria-n Iosu Alberdik, xehetasun gehiago nahi duenarentzat –nahiz eta Zapaterok, uretara salto egin ondoren, berehala jaso zuen toalla ospa egiteko, “ezin dut gehiago esan” batekin–.

Niri, dena den, asuntu honek transmititzen duen imajinarioa interesatzen zait. Konkretuki, “antzekoa” horri tiraka gure buruaz egin daitekeen erretratua.

Zeren aber, ahaztu samarra daukagu igual, baina Euskal Herriko gatazkaren eta Irlandakoaren artean parekotasunak bilatzea kasik kirol nazionala izan zen paraje hauetan zenbait urtez. Konparaziorako elementuak aurkitzea ez zen zail-zaila, hori ere egia da, baina iruditzen zait uneren batean jendea gehiegi animatzen hasi zela “hemen Irlandan bezala” lemarekin; eta konturatzerako, gauza ez zen bakarrik Arnaldo Otegi “euskal Gerry Adams” ote zen: begi hauekin ikusia nago Pernando Barrena “euskal Martin McGuinness” gisa aurkezteko ahaleginen bat, pentsarazi zidana pertsonaia guztiak plagiatu behar bagenizkien, ederki kosta behar zitzaigula “euskal Van Morrison” bat aurkitzea.

Enfin. Irlandarrak kopiatzeko moda pasa zenean, katalanak kopiatzea bilakatu zen trendy. Beste rollo bat dudarik gabe, modernettiagoa, jubilettiagoa; giza-kateak, We Are the World, We Are the Children espiritudun mobilizazioak, castellersak jai eta aste. Baina, asko ahalegindu arren, ezin lortu imitazio perfekturik orduan ere: batzuek “euskal Puigdemont” bat sumatzen zuten faltan; beste batzuek “euskal CUP” bat. Azkenean “euskal ERC” izan da emaitza hoberenak eman dituen produktua, baina klaro, joan den igandean Pere Aragonèsek izan duen deskalabruaren ondoren, nik uste imitazio-krisi potolo baten atarian gaudela.

Eta ez da konponduko, noski, autofabrikatutako kontzeptu berriren batekin. Keba. Itxaron egingo da imitatzeko moduko beste zerbait muturren aurretik pasa arte. Eta orduan beste zera horren euskal bertsioa izateko estutu beharko da burua, hori baita, antza denez, senak agintzen diguna.

Hemen gauza berriak asmatzea ez da asko saritzen. Eta hala ere, norbaitek kontu horietaz paso eginda bide propio interesgarriren bat abiatzen badu, lasai, berehala agertuko baita norbait arrastoan sartzera: “PJ Harvey euskalduna” etiketa zeeenbat erabili zen Anarirekin, duela gutxi Jon Urzelaik gogora ekarri duen moduan; Bide Ertzeaneko Ubeda anaiak “Gallagher euskaldunak”omen ziren; eta Mikel Laboa “euskal Bob Dylan”; eta Lourdes Iriondo “euskal Joan Baez”; eta abar marmar.

Kasik mundua ulertzeko modu bat da: ez gaude hemen gure kantak jotzeko, erromeria-taldea izatea da kontsigna. Euskal Herria Elvisen imitatzaileen lehiaketa bat da, Blade Runner-eko erreplikantez betea; eta irabazlea Fifa bideo-jokoko futbolari bat, surimiz egindako “txaka pintxoa” jasoko duena saritzat. Eta akordio bat, “Ostiral Santukoaren antzekoa”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA