Moja faxisten istorio harrigarria

Gorka Bereziartua
0
Urduñako komentua erosi nahi zuten Beloradoko moja klaratarrek.

Zin dagit hurrengo hauteskundeetan medio guztiek derrigorrezko moja boto-emailearen argazkia publikatzen dutenean –publikatuko baitute; ekainaren 9an izango da, portzierto: norbait despistatuta balebil hemen uzten dut abisua, ez zaituztet-eta oso apasionatuta sumatzen kontuarekin, baina gogoratu, Eurovisionen baino gauza inportanteagoak erabakiko dira Europako hauteskundeetan–, diot, berriz ere prentsa digitalean botomojen fotomoja agertzen denean, ez dudala segurutzat joko azkonar itxurako izaki horiek PPren bezero elektoralak direnik, nahiz eta bizi osoan horixe izan den pentsatu dudana.

Aiaraldea.eus hedabideak joan den astean eman digun titular lorios batek aldatu dit pertzepzioa. Honela zioen: “Moja klaratarrek Eliza utzi dute, Urduñako komentua erostea eragotzi dietelako, eta eskuin muturreko sekta batera batu dira”. Ea, haaatu annassa, hemen gauza asko daude komentatzeko-eta.

Hasteko, titularra. Narrazio klasiko baten elementu guztiak biltzen dituen artelan gisa baloratu dezazuela eskatzen dizuet. Hor daukazue hasierako planteamendua, zeinean pertsonaiak aurkezten zaizkigun eta istorioaren ekintza abiatzen den –moja klaratarrak dira protagonistak eta epopeia abiarazten duen lehen ekintza da Eliza utzi dutela–. Gero korapiloa dator: hor bestelako gertakariak azaltzen zaizkigu; eta gainera, hasierako ekintza erreferentzia gisa hartuz gero, flashback baten aurrean gaude, Eliza utzi aurretik gertatu den zerbaiten berri baitaukagu. Trama konplexuago bihurtzen du horrek, noski –norbaitek eragotzi die Urduñako komentua erostea, baina nork? Oh, suspentsea–. Azkenik, korapiloa askatzen duen azken ekintza dramatikoa dator, istorioa ixten duena, erremateko tiroa, espero gabeko plot twist bat, irakurlearen burmuina uzten duena perretxiko dibertigarrien konpainian pasatako asteburu baten ondoren bezala –alegia, eskuin muturreko sekta batean bukatu dutela pinguinoz mozorrotzea maite duten andre horiek, nahiz eta itxuraz behintzat, bizitza pasatzen duten errezatzen eta txokolatezko postreak prestatzen, jende kaltegabea balira bezala–.

Ni behintzat, Kataluniako independentziaren memea bezala geratu nintzen euskal mikroipuinaren obra goren hori irakurrita: mojek eliza utzi dutela jakiten duzu lehenbizi –“Bazen garaia! Askatasuna! Matxinada! Apostasia! Akelarrea!”–, gero txabola katoliko baten salerosketaren txama –“Hum, hemen bazegok interesen bat”–, eta bukaeran coitus interruptus erabatekoa –zentzu metaforikoan betiere, mojez ari baikara eta, Dominiquek, ofizialki behintzat, ez du –nique -niquerik egiten–. Esperantzatik terrorera egindako bidaia horren ondoren, klaratarrak fitxatu dituen Pia Unio Sancti Pauli Apostoli hori zer den gainbegiratzen hastean, agertzen da mundu bat oso aberatsa –edo aberats nahia behintzat: etengabeak dira donazioak jasotzeko deiak–, konstatazio bat egitera garamatzana: asuntu katolikoa eskuindarrago bilakatzeak ezinezkoa dirudienean, beti agertzen da baten bat esanez: “ezetz? Eutsi nire kopoiari”. Ez, sartu diren lekuan sartuta, moja klaratar horiek ez diote botoa PPri emango. Falange ere komunistegia irudituko zaie, nik uste.

Azken urteetan eskuin muturra ekoizten ari den produktu ugarien artean, dena den, fedearen ulerkera friki-fatxa hauek harritzen naute gutxien. Apaiz batzuk aspalditik daude konturatuta merkatu-nitxo hippyak alde batera utzi eta Borgoinako gurutzeekin dabiltzanei hitz egin behar dietela, mezetako publikoak daukan adinaren batez bestekoa 98 urtetik beherakoa izatea nahi badute. Horregatik, susmoa dut hau ez dela izango elizan entzungo dugun azken tiroa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA