Tabernari lehorren eta kuadrillen alde (edo ez guztiz kontra behintzat)

Gorka Bereziartua
0

“Aber, dakazue…” esan zuen, eta segidan eguneko plateren zerrenda kazkabarra bezala erori zitzaigun gainera, hain azkar, ezen nik behintzat ez bainuen denborarik eduki aukeran zeuden jaki guztiak mentalki prozesatzeko. Tabernariaren aurpegiari erreparatuta, asuntua ez zegoen zerrenda osoa berriz errepikatu zezala eskatzeko, horretaz berehala jabetu nintzen. Beraz, kasu horietan egin ohi dudana: kaskoan geratu zitzaizkidan bizpahiru plateretatik bat aukeratu, aliritzira. Eta azkar, egokiera horretan inkonpetente baten pare geratzea baita azkeneko gauza.

“Joino, hau sekotik, e?”, esan zuen lagun batek, ostalaria bere motots estuki lotuarekin gugandik urruntzen hasi zenean. Azken enpasterainoko irribarrearekin esan, ordea. Gustatzen baitzaizkio horrelako tabernariak lagunari: hitz justukoak, gauzak di-da egin zaleak, itxurakerian askorik gastatzen ez dutenak. Galbidean dagoen espeziea, hemengo bazkaltegi gehienetan Amerikako Ostatu Batuen manera polite horiek –“bai noski”, “oraintxe bertan”, “nola ez ba”, “bezeroak beti arrazoi”– nagusi direnetik. Fundamentuzko euskal tabernari lehor baten arteak, oraintxe bertan, ez dauka batere prentsa onik.

Gauza bera gertatzen da kuadrillekin ere. Azkenaldian modan dagoen pentsamendu-ildoari jarraituz gero, paraje hauetan daukagun instituzio sozial absurdoenetako bat dira. Utikan kuadrillak: nola da posible haurtzaroko inkontzientzian sortutako talde horiei bizi osoan eustea, bidean pasatzen ditugun turbulentzia guztien gainetik, puntu batetik aurrera partaideek amankomunean ia ezer eduki ez arren? Nola da posible kidetasun hain hermetiko horrek irautea, jende berria gonbidatzeari dagokionez hain uzkurra baldin bada, eta bizitzako beste alor guztietan zabalasmotan baldin bagabiltza?

Problema, nik uste, kuadrillak ulertzeko moduan dago. Eta behingoagatik Wikipediaren kontra –“lagun-talde” sarrerara bideratu bainau–, niri ez zait iruditzen adiskidetasunean oinarritutako taldeak direnik. Edo ez horretan bakarrik, behintzat. Ea nola esplikatzen dudan: lagunak baditugu kuadrillan eta kuadrillatik kanpo. Norbaiten lagun izateak eskatzen du bestearenganako afektu pertsonalen bat; eta maiz konexio hori faltatzen zaigu kuadrillako zenbait jenderekin. Zertarako mantendu harreman hori orduan?

Beharbada pixkatxo bat harago dagoen beste hitz batek ematen du argi pixka bat kontu honetan: elkartasuna. Izan ere, elkartasunaren grazia da zer egiten dugun gurekin erlazio zuzenik izan gabe, beste arrazoi batzuengatik bidean gurutzatu zaizkigunekin. Ea inporta zaizkigun beste horiek, edo zer. Laguntasuna pertsonatik pertsonara mamitzen bada, elkartasunak dimentsio soziala dauka. Eta kuadrilla, agian, bi solairu horien arteko eskailera da: maila desberdinak dituzten konexio pertsonal-sozialekin funtzionatzen ikasteko harreman-sare bat.

Askotan oso frustragarria, noski. Eta bai, itxi samarra. Eta gainera, partekatutako helburu zehatzik gabekoa. Utikan, utikan, utikan kuadrillak, jarraituko du esaten askok aurrekoa irakurri ondoren. Ulertzen dut, noski. Sarbide errazagoko taldeak badira –sektak, adibidez–, baita helburu amankomunen inguruan antolatzen direnak ere –demagun, lobbyak–. Dena den, igual badugu garaia ulertzen hasteko gure idiosinkrasian hain errotuta dauden jarrerek eta antolatzeko moduek badutela izateko arrazoiren bat. Eta horretaz eztabaidatu dezakegu, kuadrillakoak izan gabe ere –lobbysekten partaideekin zailagoa da–. Aukeran, hori bai, izan dadila tabernari lehor samar batek gobernatzen duen barra baten bueltan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA