Traidoreak, zonbiak, Terminator eta Mbappé

Gorka Bereziartua
0

Pena da Hego Euskal Herriko medioetan Pancorboko puzker batek garrantzi handiagoa hartzea Aturritik gorako edozerk baino. Orokorki diot, baina partikularki pasa den asteari dagokionez. Ze frantsesak, normalean hain, tira, frantses izateko ohitura duten izaki horiek, frenetiko samar dabiltza plano politikoan, eurobozetan haien presidentearen enpresa-alderdia eskuin muturraren aurrean macrincrancron puskatu eta legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu dituztenetik. Edizio berezi non-stop batean sartuta dagoen BFMTV katea bihurtu da nire aurtengo telesail gogokoena, erretinaren aitzinetik denetik pasarazi baitigu azken egunetan.

Éric Ciotti Les Républicains alderdiko presidentearen saltsa, adibidez. Dena dauka: traizioa –hauteskundeetan lepenistekin batera aurkeztea adostu baitu, alderdiaren iritzia zangartetik pasaz–; mendekua –ez si eta ez no, tipoa partidutik bota dute maniobra horren ondoren–; komedia –Ciotti alderdiaren kuartel nagusian lubakitu da, “etorri ni botatzera potrorik baduzue” esanez bezala–; telenobela judiziala –jujeek diote Ciottiri emandako ostikoak ez duela balio VARetik pasa arte–. Beldurrezko pelikula osatzeko Chirac-en zonbia agertzea bakarrik falta da, “zer debru, orai xuriak gorri behar ote gira bilakatu!?” galdezka.

Éric Zemmour eta Marion Maréchalen arteko haustura ere graziosoa izan da: bi urte eskas pasa dira Marine Le Penen ilobak bere familiari adarrak jarri zizkionetik, ultraeskuinaren zaldi irabazlea zirudien Reconquête alderdia zamalkatzeko. Apustua ustela atera eta, arratoiak estoldara nola, halaxe ari da itzultzen lependarra lepentzean bazkatzera.

Rive gauche-an ere tenperatura emozionalak gorabehera handi samarrak izan ditu. Fronte Popular berria iragarri zutelarik, ezker-ezkerreko, ezker samarreko eta ezker nominaleko boto-emaileak beroago jarri ziren aitatxik Emmanuelle filma lehen aldiz ikusi zuenean baino. Epikaren ordua pasa eta axoa banatzen hastean komeriak: bateko Raphaël Glucksmann –nire nomenklatura pertsonalean “Makrontxo”–, koalizioak irabaziz gero Matignonera nor bidaliko lukeen aurreratzen inori galdetu gabe; besteko Jean-Luc Mélénchon, bere sokakoak ez diren diputatuak ababor-istribor hautagaitzetatik botatzen eta, bitartean, indarkeria matxistagatik kondenatutako kamarada bat zerrendetan mantendu nahian. Eta lehenago zonbiak aipatuak izan direnez, hara non agertzen den François Hollande, Fronte Popularraren zigiluarekin hautagai, ezkerraren batasuna aldarrikatzen eta… itxoin pixka bat, mesedez. [23 minutu geroago] Barka, hemen naiz berriz: atera zaidan algara transkribatu izan banu artikulu pare bat beteko nituen karkarrez, ez zen kuxidadea.

Kontua ez dago iji eta aja askotan aritzeko, gainera. Jordan Bardella pantailan agertzen zaidan bakoitzean gogoratzen dut: sentsazioa neukan RN-ren hautagaia lehenago beste nonbait ikusia neukala; desinfoxikazio premiak hartaratuta katez aldatu, Terminator 2 ematen ari zirela ikusi, eta hara non konturatzen naizen Arnold Schwarzeneggerrekin kinki-kanka borrokan zebilen metal likidozko robot-poliziaren igual-iguala dela.

Horrelako zomorroa geldiarazteko tamaina bereko robot politiko baten faltan, Kylian Mbappé futbolaria sartu da kanpainan gazteak botoa ematera animatuz, “muturretako” indar politikoak boterearen atarian baitaude. Datorren auzotik etorrita, askok ulertuko zuten ultraeskuinaren aurkako deia izan dela. Zalantza geratu zait ez ote den izan, daukan milioitza edukita, zergak igoko dizkion ezker mutur hipotetiko baten ordez, macroncrincran puskatua konpontzeko keinua ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA