Bagindoazen ba Hernaniko Kale Nagusian behera, Plaza Berrira iristean kartel hura adarka etorri zitzaidanean. Ezin izan nion errekorterik egin, ipurdiz gora bota ninduen: “Zezenak herriaren festa!!”. Kordea berreskuratu nuenean atera nion argazkia. Eta behin hasita, zintzilikatu nuen muskerraren eta mastodontearen sareetan ere, ondoko esaldiarekin: “Karlismoa bizi da”. Esan banuen, esan nuen.
Esplikazioak, ezer baino lehen: karlismoa diodanean, ez naiz ari hitzaren zentzu ideologiko itxiaz, ezta historikoki izan dituen adierazpenez ere. Badakit kartel hori jarri dutenak ez direla Zumalakarregiren eta Santakruzen jarraitzaile –ezta, kontu berrixeagoak aipatzeagatik, Karlos Hugo Borboi-Parmakoaren ildoko sozialismo autogestionarioaren militante ere–. Iruditzen zait, ordea, “herriarena” zer den definitzeko modu horrek gordetzen duela abertzaletasuna koskortu aurretik gure bailaretan ondo errotuta zegoen euskal identitate baten lurrina.
Abertzaleei zezen-kontuak problematiko samarrak gertatu izan zaizkie sarri, nekez irentsi izan dituzte korridak: hain dago espainolki kodetua animalia adardunak albondigak bezala zula-zula egin eta plazako hondar gainean odolustuta akabatzen dituen ikuskizuna, “euskal endaren ohitura garbijak” pack-etik kanpo geratu behar zuela. Salbuespenak badira noski –Jon Idigoras aipatu zidan batek–, baina batez ere, nik uste, in medio virtus et in vino veritas izan dela urtetako kontsigna herri askotako jaietan: zezenketarik ez, baina sokamuturra bai; eta atera beste baxoerdi bat.
Azkeneko hamar urteetan ordea, bateko politizazio forma berriak eta besteko naziogintzaren ahultzea, eztabaida atera egin da erdiko kale horretatik. Newtonen hirugarren legea erabiliz esplikatu zuen Eli Pagolak Hernaniko Kronika-n iaz publikatutako erreportaje mamitsuan –“Sokamuturra, korapilo bat plazaren erdian”–: 2014an A gorputzak –mugimendu anti-espezistak– indar bat eragin zuen, animaliak festetan horrela erabiltzea krudelkeria zela salatuz; eta B gorputzak –gerora Sokamuturra Bai taldean antolatu zenak– intentsitate bereko indarrez erantzun zuen ohitura mantentzearen alde.
Dema horretan ze alde aukeratu? Pertsonalki, sokamuturra erabat kenduko balute pena handirik ez, uste baitut asuntuan parte hartzen duten piztia guztientzat dela arriskutsua: zezenarentzat noski; baina baita gaupasa multi-intoxikatzaile baten ondoren hain zomorro handiaren aurrean azioren bat egiteko zinbulu-zanbulu korrika hasten den gizaberearentzat ere. Azken urteetan bezala bi egunez egiten badute berriz, alde ez naiz egongo, baina ez dit kontrako pasio berezirik ere pizten.
Beste zerbaitek arduratzen nau gehiago, alegia, nola ari den konfiguratzen gerratxo kultural honen eta beste askoren bidez eszisio sozial bat, geroz eta gehiagotan aurrez aurre jartzen dituena adiskidetu ezinezko bi bloke –“animalistak vs. zezenzaleak” eztabaida ez baita, azken finean, “hiritar progre multikultiak vs. herritar tradiziozale jatorrak” debate orokorraren kapitulu bat besterik–. Bueltan-bueltan, liberalen eta karlisten xextrak itzuliko zaizkigu martxa honetan, foruak eta erregeak ahaztuta, baina elkarri begiak erauzteko grinari harrigarriki XIX. mendean bezain fuerte eutsiz.
Gelaren erdian dagoen elefantea baino, txosna barruan dabilen zezena da kontua hemen. Ikusten ausartu behar.