Eurokopan, gol gehienak eskuineko hegaletik

Gorka Bereziartua
0

Jakin behar da desberdintzen zer den urgentea eta zer den inportantea, baina azkenaldian demonio konplikatua bihurtu da ariketa hori. Pantailan agertzen zaizkidan notizia guztiek dirudite inportantzia handikoak eta urgentzia larrikoak; eta hainbeste urgeinportantziaz pixka bat beteta nenbilenez, Eurokopako partiduak ikusten hasi nintzen duela aste batzuk.

Uste nuen zirku futbolistikoak lagunduko zidala pixka batean ahazten XXI. mendearen laurden honetan nonahitik haginka datozen arriskuez. Marka da gero, futboleko estadio batean sosegu pixka bat bilatu beharra. Eta gainera, aurkitu ez. Inuzentea izan behar baitu pertsonak uste izateko munduko istiluak eta iskiluak berdegunetik kanpo geratuko zirela Europako estatuen arteko ostikolari-demak jokatu bitartean. Ulertu behar didazue, dena den: horrelako txapelketak lehen ere munduko gauzarik zibilizatuena ez ziren arren, proiektatzen zena nahiko nazionalismo hutsala zen, banderatxoak eta ereserkiak, gol batzuk, nerbioak, agian malkoren bat, akaso euforia; eta gero, etxera. Plan familiarra izan zitekeen partidu bat ikustea. Aurten ez.

Kroaziako eta Albaniako taldeek elkarren kontra jokatu zutenean hasi nintzen muturra okertzen: bideo batean bi taldeetako zaleak ikusi nituen elkarrekin Bojna Čavoglave abesten, zeinak konnotazio faxista argiak dauzkan. Estadio barruan “hil, hil, hil serbiarra!” oihuka ere aritu ziren geroxeago eta Serbiako futbol federazioko idazkari nagusiak “aski da” esan zion UEFAri. Baina tira, balkankeriak, pentsatuko zuen baten batek, itsugarri zabalduta baitago paraje haietako biztanleak astakirten hutsak direla eta horregatik dabiltzala beti elkar akabatu nahian.

Turkia-Austria partiduan ez zegoen ordea Jugoslavia zatitu osteko gorrotorik. Eta hara non, Merih Demiral jokalari turkiarrak gol bat ospatzeko bi eskuak otso-mutur biren tankeran jarri zituen. Kristo guztiak Otso Grisak talde faxistaren aldeko keinutzat ulertu zuen, bi partiduko zigorra jarri zioten. Ez zuen askorako balio izan: Herbehereen aurkako partiduaren hasieran, Turkiako zale mordoa keinu bera egiten harmailan.

Eta Austria-Polonia partiduaren amaieran “Europa defendatu” zioen bandera agertu zen, eskuin muturreko Mugimendu Identitarioaren lema, alegia. Eta ukrainar zaleak “Free Azov” pankartarekin estadiora bidean. Eta zale hungariarrak Gigi D’Agostinoren L’amour toujours kantaren bertsioa egiten, amodioaren aldeko mezuen ordez “atzerritarrak kanpora” oihukatuz. Eta Alemaniako ARD telebista katearen inkesta, selekzioan jokalari zuri gehiago behar ote diren. Hainbeste modutan normaldu dira mezu xenofoboak, arrazistak, ultraeskuindarrak eta faxistak, eta hain modu esplizituan, zale holandar batzuek Ruud Gullit bezala janzteko egin zuten blackface-a ia oharkabean pasa baita. Zale espainiarren harmailetan ikusi diren Borgoinako gurutzeak bezalaxe.

Ez dizuet esan, portzierto: Eurokopa hau Portugalek irabaztea nahi nuen. Eta ez du irabaziko. Ez da posible izango zeren, datorren urtean 40 urte beteko dituen jokalari bat –Cristiano Ronaldo dos Santos Aveiro du izena– minutu guztiak jokatzen egoskortu baita. 23 aldiz jaurti du atera –Eurokopan beste inork baino gehiagotan–, eta ez du gol triste bat ere sartu. Duela urte batzuk haren jokoak zeukan distira ilundu da guztiz, baina berak ez du onartu nahi. Agorrean gogor, talde osoa eraman du bere egoaren zurrunbiloan behera. Ezkerreko talde eta ordezkari zenbaiten jokabidea zein antzekoa den konturatzea, hori bai dela lan urgentea eta inportantea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA