Atentatu politikoa garai banaletan

Gorka Bereziartua
0

Bueno, ba baieztatzeko moduan gaude: magnizidio-saiakerak ere sareetako eduki-ekoizleen logikaren menpe daude jada. Donald Trump tiroka hiltzen saiatu dira, kontua ez da Van Gogh erdi bat ere izan azkenean, baina notizia pantailan agertu den momentutik hiru minutu ere pasa ez direnean, begien aurrean dauzkagu: 1) atentatugilearen punteria txarrari buruzko memeak; 2) atentatua Trumpek berak prestatutako zerbait izan dela dioten konspi-teoriak; 3) atentatua gehiegizko arreta jasotzen ari dela kritikatzen duten mezuak; 4) atentatuak Trumpi AEBetako presidentzia oparitu diola dioten iruzkinak; 5) atentatuaren telebistako irudien azterketa semiotikoak. Eta abar. Umore beltza, hiper-susmoa, arretarekiko obsesioa, etorkizunaren iragarpenak, detaile guztiak zentzu baten bila arakatu behar hori. Dena batera aldi berean edonon.

Eta nik behintzat, geroz eta gehiago faltesten dut gertakariak prozesatzeko distantzia tenporal –eta, zer esanik ez, emozional– apur bat edukitzea. Gauzek ordena pixka bat edukitzea ere bai. Lehenbizi datu gordina, gero lehen erreakzioak, ondoren informazio gehiago, atzetik analisia, jarraian bertsio ofiziala zalantzan jartzea, segidan gertatu denaren pisu historikoa baloratzea, azkenik bromaren bat. Eta ez kakanahaste guztia batera.

Konparatu Kennedy hil zuen atentatuarekin: AEBetako magnizidiorik ezagunenetakoa gertatu zenetik lau urtera publikatu zuen J.G. Ballardek John Fitzgerald Kennedyren hilketa goitik beherako auto-lasterketa gisa ulertuta ipuin laburra, besteak beste honelako esaldiak dauzkana: “Aldapan behera egiten diren auto-lasterketen artean hau da biderik arriskutsuenetakoa, Sarajevoko pistak bakarrik gainditzen du, baina hura 1914an itxi zuten”. Ordurako irakurleak irentsiak zituen auziari buruz irentsi beharreko guztiak eta bazekien gertakariaren pisua zein zen ere –oso larria izan zela, bai, baina ez zela Mundu Gerra bat eragiteko modukoa izan, Sarajevon hil zuten artxiduke austro-hungariarraren kasuan bezala–. Ballardek sedimentu horren gainean –tira, eta Alfred Jarryk Jesukristoren gurutziltzatzeari buruz egindako antzeko testu baten gainean– altxa ahal izan zuen bere umore beltzezko dorretxoa. Sedimentu hori ezinbestekoa da sinbolo berriak jaiotzeko. Gaur egungo errealitatearen kontsumo-ereduan, oso garesti dago sedimentu hori.

Kultura digitalak historiaren adarrak gurinez igurtzi ditu. Eta gertakariek heldu nahi diote, saiatzen dira adarrei atxikitzen, baina ia denek irrist egiten dute. Trump hiltzeko saiakera izango ote da dingilizka geratuko den gauza horietako bat? Ala kriptotxanpon baten kotizazioak bezala, egunotan oso goian egon ondoren, hondoa joko du beste zerbaiti buruzko memeek, konspiranoiek eta katastrofe berrien iragarpenek gure arreta eskatzen dutenean? Eskuin mutur yankiak atera diezaiokeen etekina baztertu gabe, kezkagarriena horixe iruditzen zait, alegia, mundu honetako kontuekin erlazionatzeko normal-normala bihurtu zaigun modu hau. Ezerk ez du garrantzirik, dena desagertzen da pantailan gora: gaur AEBetako presidentegaiaren aurkako tiroketa da; baina bihar, etzi, etzidamu, gauza bera izango da palestinarren aurkako genozidioarekin; eta hortik beherako guztiarekin, zer esanik ez.

Ezer ez baita inportantea. Scroll bat bezain leun eta indiferente bihurtzen ari gara denarekiko. Faxismo berriaren elikagai nagusia jarrera horretan dagoela iruditzen zait, eta ez Trumpek belarria odoletan eta ukabila itsututa egin zuen keinua bezalakoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA