Albiste izan den irakurzalearena

Gorka Bereziartua
0

“Jainkoez daukagun ideiaren arabera, guzti-guztia ikusten dute Olinpoko goi haietatik: hor dituzu heroiei begira, Troiaren aurrean borrokan ari direnean; eta hitz egiten dute, baten edo bestearen alde jartzen dira, tartean behin esku hartzen dute zerutik, heroien ekintzak gidatuz xake taulako peoiak balira bezala. Baina gauzak ez dira zehazki horrela”. Joino. Ez, e? Beste gauza bat egitera etorria zen etxe hartara, baina liburu horren kontrazalean begiak jarri ditu eta, ez du ba orain erdi irakurrita utziko.

Jarraitu egin du, beraz: “Giovanni Nuccik, zeinak mito greziarrak ikertu dituen 20 urte baino gehiagoz, liburu honetan Iliada berrirakurri du jainkoen ikuspuntutik, haiek kontakizunaren benetako protagonistatzat hartuz, gure alderdirik sakonenean hunkitzen gaituzten barne-indar gisa. Aldi berean, mitoaren indar interpretatiboa nabarmendu du gure gaur egungo egoera ulertzeko: pandemia, gerra, krisi klimatikoa, klase politikoaren harrokeria, baliabideen esplotazioa, haurtzaroaren disipazioa, patriarkatuaren krisia eta emakumeen kondizioa, identitate sexuala, eta botere zaharrak belaunaldi berriekin daukan konpondu ezina”. Joder, interesgarria. Oso.

Zer arraio, geroxeago bukatuko ditu egin beharrekoak, pixka batean eseri egingo da irakurtzera. Bestela ere nahiko tristea da Erroman abuztu betean lan egin behar hau, lapiko batean baino egosiago –ai, autonomoen miseriak!–, eta total, badaki inork ez diola kargu hartuko galdutako denbora horrengatik –oi, ekintzailetzaren bentajak!–.

Jarri da ba eroso, hain sinopsi kitzikagarria daukan Nucci horren liburuko orriak pasa eta pasa. Baina halako batean, soinu bat. Ez dago bakarrik pisu hartan. Berea ez den pisu hartan. Ezkutuka sartu den pisu hartan. Ostia!, atera zaio –antzinako portua gogoan, noski–, atean ahozabalka agertu eta ahozabalik geratu zaion jubilatua ikusi duenean –etxeko nagusia noski, kuluxkatik esnatu berritan terrazako butakan lapur irakurzale bat aurkitu duela sinistu ezinda–.

Zaharrari ma che cazzo! entzun dion arte ez da guztiz bueltatu, hala ere, Akiles, Hektor eta gainontzeko kuadrillaren lagunartetik errealitate gordinera: ez daki zenbat denbora pasa duen leitzen, baina ez luke han egon beharko. Eta orain epopeiak: lortuko ote du gure heroiak sartu den leku beretik eskapo egitea? Spoiler: ez. Berehala izango ditu gainean poliziak. Eta polizia horiek txibatuta notiziak idazten dituzten kazetariek badute iji eta aja zabaltzeko berria, etxe batean lapurtzera sartu eta irakurtzen entretenitu den baboarena. Ingelesez ere kontatu dute gainera. Mundu guztiaren aurrean barregarri.

Sekzio honetan, dena den, puja berde eder bat bota nahi genuke kontu homerikoetan murgiltzeagatik atxilotu duten ebasle erromatarraren alde. Galdera, gure ustez, ez baita zer egiten duen lapur batek Iliada-ri buruzko saiakera irakurtzen. Galderak izan beharko luke zer dela-eta kultura klasikoan interesa daukan norbaitek ez duen aurkitu bizimodua ateratzeko modu seguruagorik besteren etxetik ahal duena harrapazka eramatea baino. Klaro, horrela begiratuta, asuntuak ez dauka grazia handirik: tipo horri bizitzak dagoeneko lapurtuko zion etxe hartatik eraman zezakeena baino dezente gehiago. Orain utziko al diote, gutxienez, liburua lasai bukatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA