Edalontzi hautsien amorrazioa

Gorka Bereziartua
0

Argazkilari trakets samarrak garenok eta dokumentalgile gisa lau kantoiko euroak baino gutxiago balio dugunok, koadernoan eta boligrafoan aurkitzen dugu kontsolamendua, han erregistratu baititzakegu begien aurretik pasatzen zaizkigun momentu errepikaezinak. Bai, errepikaezinak: dena oso azkar pasatzen ari zaigu, garrantzirik ez balu bezala; baina gutxien espero duzunean daukazu hor, zure muturren aurrean, gorde behar den zerbait, betirako galduko dena, zuk idatziz jasotzen ez baduzu. Bukatzen ari zaidan paperezko grabagailuan aurkitu dudan iazko eszena hau, adibidez:

“Kristal hautsi pila baten hotsa entzun da Okendo kaleko izkinara iristean. Tabernako zerbitzariari bandeja osoa erori zaio lurrera. Ez. Bota egin diote. “¡La puta puerta libre!”, oihukatu dio, presaka pasatzen ari zen atean trabeska jarrita zegoen adineko gizon ondo jantziari, zeinak, itxura guztien arabera, okerreko unean eta lekuan egin duen mugimenduren bat, kuxidade hori probokatu duena. Zerbitzariari ez zaio haserrea azkar pasa, eroritakoa jaso, eta berriz ere mahaietara eraman behar zuena hutsetik prestatzen hasi denean “el puto viejo, que me ha tirado todo”, entzun du taberna guztiak, indiferentzia handi samarrez erreakzionatu duen “el puto viejo”-k barne.

Kasik harritu eta guzti egiten zara gaur egun horrelako kontuekin, ematen baitu formak beti gorde behar direla, haserrea ezkutatu, beste masaila jarri kristau zintzoen gisan. Eta bezeroari hitz txarrik ez, mesedez, nola ba. Bezeroak, gauza jakina denez, beti dauka arrazoia.

Baina gaur uztaileko egun bero samarra da, auskalo zenbat denbora daraman neska horrek lanean, auskalo zenbat aldiz jokatu duten hemendik pasa diren lumaje guztietako bezeroek bere pazientziarekin, auskalo bestela ere nola doakion bizitza: alokairua igo ote dioten, zenbat; bikotekideak pasa den astean “denbora bat hartu” nahi duela esan ote dion, beti malaostian etxeratzen delako eta ez duelako horrela gehiago aguantatzen; auskalo gaurkoa bezalako lan egun bat zutik bukatzeko zenbat pilula hartzen dituen, nola daukan tentsioa, medikuak 50 urteko norbaiten osasuna daukala esan ote zion azkeneko errebisioan, oraindik 30 bete ez dituen arren; auskalo zer ikasi zuen, zein zen hezkuntza arautuaren burbuilan zegoen bitartean irudikatzen zuen ofizioa –txikitan denok gara mediku, suhiltzaile, abeslari famatu; gero jotzen dugu kaskarrekoa, etorri garen inguruak jarria zigun sabaiarekin–; auskalo nola moldatzen den lankideekin –“eske borde bat zara”–; auskalo kontratupean dagoen, zenbat pagatzen dioten, uda pasa ondoren lanean jarraituko ote duen edo, hala ez bada, zenbatean geratuko zaion langabezia. Auskalo.

Edozein kasutan, bandejako botila katilu edalontziak lurrean lehertu zaizkionean, “¡la puta puerta libre!”, une batez egia aurrez aurre ikusi izan banu bezala sentitu naiz: mundu hau pilatzen ari den amorru guztiaren printza batek derrigorrezko mututasunaren oskola kraskatu izan balu bezala. Erreakzionatzeko modu hori ere desikasi behar dugula sartuko digute buruan halako batean, auskalo zein teoria guairen bidez. Baina momentuz, hor dago. Gaitzerdi”.

Apunte hori idatzi nuen arratsalde hartan, beste askotan bezala, autobusa noiz iritsiko zain nengoen kafe bat hartzen, Donostiako Tanger tabernan. Laster ez dut hori egiteko aukerarik izango, itxi egingo baitute, hiri osoa kartoi-harrizko dekoratu bihurtzen tematuta dagoen dinamika ekonomiko-politikoaren irizpideei jarraituz. Eta betidaniko tabernen galeragatik lantu nostalgikoa jotzen gera gaitezke, noski. Baina iruditzen zait, gure oroitzapenen lekuak behin eta berriz hankapean kriski-kraska ikustearen ikustez, Tangerreko langilearen amorrazio hura erabiltzeko lizentzia ere badugula honezkero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA