Zure bizitzako lanpostua

Gorka Bereziartua
0

Pantaila horren aurrean eseri ohi zen P.S., 26 urte. Bi urtez, goizero bulegora iristen zen, fitxatzen zuen, kartoizko edalontzitik kafesneari zurrupadatxo bat eman, hasperen egin, kaskoak jantzi eta luzamendu gehiagotan ibili gabe hasten zen ikusten errebisatzeko zeuzkan bideoak.

Nerabe batzuk, auzoa ez zaio ezaguna egin. Haietako batek, kaputxadun jertseaz jantzita dagoenak, kamerari oihukatzen dio, utzi bakean, ez dut ezer jakin nahi. Eta alde egiten hasten da, baina orduan planoan agertzen dira beste hiru tipo, handiagoak. Denak azkarrago mugitzen hasi dira, lasterka: kaputxadun jertsea daukana, haren atzetik doazenak, planoa bera, korrikaldiagatik saltoka. Parke batera iristean egonkortu da irudia berriz, harrapatu dute, txirristaren azpian gordetzen saiatu da, baina arrastaka atera dute eta ostikoka eta ukabilka ibili dute trapuzko panpina bezala, grabatzen ari denak barrez marikoi puta bat dela oihukatzen dion bitartean. Algarak biderkatu egin dira jazarleetako batek konorterik gabe datzan gaztearen gainean pixa egin duenean. P.S.-k ez du asko pentsatu behar izan: ez da publikatzeko modukoa.

Ulertzen ez duen hizkuntza batean ari dira hurrengo bideoan. Gela ilun bat, soto batekoa dirudi. Erdian, aulki bati lotuta, tipo bat biluzik. Galtza militarrak, kamiseta beltza eta aurpegia estalita dauzkan gizon gihartsu bat hurbiltzen zaio eta zerbait esaten dio, ez oso altu, baina ezta oso modu atseginean ere. Eserita dagoenak, negarrez, ezetz egiten du buruaz. Eta, orduan, planoa gerturatu egiten da, aurpegia estalita daukanak eskuan hartzen ditu normalean zuhaitzak kimatzeko erabiltzen diren guraizeak, aulkikoari eskuineko eskua askatzen dio, haren atzamar erakuslea hartzen du eta, klask, haragi eta hezur moztu berrien hotsa garbi entzun zuen P.S.-k kaskoetan, segundo erdi geroago hasi baitziren oinazezko garrasiak, bideoari falta zitzaizkion 43 segundoetan isildu ez zirenak eta P.S.-k osorik entzun behar izan zituenak, kontratuan hori jartzen baitu, bideoak osorik ikusi behar direla erabaki aurretik: ez da publikatzeko modukoa.

Belauniko dago neska bat, aurpegia beldurrez puskatuta. Grabatzen ari denaren zakila planoan agertu da, neskak ahoan sartu du; eta zupatzen ari den bitartean, grabatzen ari denak ukabilkada bat eman dio buruan; putatzarra, esan dio, beste ukabilkada bat, neskari malkoak irristatzen zaizkio masailetan behera, hurrengoan hobeto pentsatuko duzu edozeinekin hankak ireki aurretik. Ez da publikatzeko modukoa.

Goizaren erdian beste kafe bat hartzera joan ohi zen P.S., eta makinaren inguruan entzuten zituen CCC enpresako lankideak, bart gauean Bartzelonak Championsean izandako deskalabruaz hizketan. Baten batek, beharbada, esango zion zurbil samar ikusten zuela azkenaldian. Gero P.S. pantailaren aurrera bueltatzen zen, Facebookera eta Instagramera kargatzen zituzten bideoak filtratzen jarraitzeko Lehentasun Handiko Taldean: bortxaketak, automutilazioak, torturak, dekapitazioak eta suizidioak ikusi behar zituen egunero. Gauean lo hartzeari beldurra hartu zionean hasi zen pentsatzen zerbait ez zihoala ondo, baina amets horiek noizbait desagertuko zirela pentsatu zuen. Gero etorri zen lagunak saihesten hastea –zer kontatuko zien ba, pantailan ikusitakoa?–. Eta egun osoak hitz egin gabe pasatzen hasi zen. Goiz batez, ohetik ere ezin izan zuen altxa. Arnasa hartzen zuen, bai, baina hura bizirik egotea al zen?

Lau urte pasa dira P.S.-k lan hura utzi zuenetik. Joan den hilabetean jakin genuen jasandako kalte psikologikoarengatik Mark Zuckerbergen Meta multinazionala salatu duela. 150.000 euroko kalte-ordaina eskatu du. Txori kaka bat.

Orain M.J. esertzen da lehen P.S.-rena zen pantailaren aurrean. Egunero fitxatzen du, kafeari zurrupadatxoa eman, kaskoak jantzi, hasperen egin. Play.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA