Badoala, agur esango duela, erretiratu egingo dela Rafa Nadal. Notiziarekin artillero dale fuego aritu da prentsa pasa den astean, baina ohiko moduan, inporta duten gauzei erreparatu ordez, mundu guztiak dagoeneko ezagutzen zuen informazioa zerbitzatu digute arrautza-irinetan pasata: irabazi dituela Grand Slam pila bat, historiako tenislaririk ez-dakit-zerrena dela, eta hau, hura eta bestea. Eta tenis profesionala piperpoto bat bezainbeste axola zaigunoi pixka bat indiferente utzi gaitu horrek denak, egia esan.
Gainera, iruditzen zait kirolean izan duen arrakastak estali egin duela Nadalen ibilbide literarioa. Mesedez, ez jarri aurpegi hori. Lehenago irakurri 2021ean idatzi zituen txioak, lesio batengatik denboraldia bertan behera utziko zuela iragarriz: “Urte bat da zeinean asko inporta zaizkidan gauzak galdu ditudan, adibidez Wimbledon, Olinpiadak, eta orain AEBetako Opena, eta beste ekitaldi asko zeinak garrantzitsuak baitira niretzat eta ikusirik azken urte honetan ez dudala gaitasunik izan entrenatzeko eta prestatzeko eta lehiatzeko benetan gustatzen zaidan moduan azkenean iritsi naiz ondoriora behar dudana denbora dela errekuperatzeko zenbait gauza aldatzeko saiatzeko ulertzen zein izan den oinaren eboluzioa azken bolada honetan ez da lesio berri bat 2005etik daukadan lesioa da eta ez dit eragotzi nire kirol ibilbidea garatzea urte hauetan guztietan”.
Ez da oso kritikari zolia izan behar jabetzeko esaldiaren hasieran puntuazio arauei kontzesio txikiren bat egin arren, Nadal gai dela Joyceren Ulises-eko Molly Bloomen monologo famatuaren pareko testu bat ekoizteko. Tenislaria badoa, autore modernista itzela datorke. Goazen, Rafa.
Hori bai, giro literarioetan nagusi den ideologiarekin tentuz ibili beharko du Manacorreko pilota pasatzaileak. Aber, ez dut esan nahi tipoa fatxa bat denik. Duela gutxi zendu den Fredric Jamesonek ongi irakatsi zigun moduan, debate publikoan nagusitzen diren eskema bitarrak gainditu beharra dago –adibidez, fatxa-progre dikotomia–, terminoak bikoiztuz: onar dezagun fatxa-fatxak eta progre-progreak badirela, baina baita progre-fatxak eta fatxa-progreak ere. Esango nuke Nadal azken horietako bat dela. Bera saiatzen da balio aurrerakoiei kontzesioren bat egiten. Azkenean, ordea, bainak beti leku beretik ateratzen zaizkio: “feminista naiz, baina termino hori muturrera eramaten da”, “denak gaude arrazakeriaren kontra baina kaleko protestak ez dira bidea”…
Portzierto, Kataluniako erreferendumaz ere hitz egin zuen bere garaian: legeak errespetatu behar direla, berak ez zuela semaforo gorri bat saltatzen semaforo hori egokia iruditzen ez zitzaiolako. Joino Rafa, pentsatu nuen, eta zer koloretakoa zen Ogasunaren semaforoa 2006an Donostian merkataritza-sozietate bat erregistratu zenuenean, horren bitartez beste sozietate-sare bat gestionatzeko, eta prestidigitazio fiskal horrekin zure irabazi milioidunen gaineko zergak %1etik behera edukitzeko? “Zertarako joango zara Suitzara edo Andorrara, Kontxako hondartzaren aldamenean gauza bera lortuko baduzu, eta gainera askoz janari hobearekin. Konparatzea ere!”, esan omen zion trikimailua proposatu zion aholkulariak.
Baina kontu horiek txikikeriak dira. Nadalen ibilbidean zerbaitek kondena irmoena merezi badu, demokrata guztien gaitzespena eta abar, honakoa da: hogei urtez, partiduz partidu, izan belar gainean, pistan edo lur zanpatuan, Australiako Openetik Roland Garrosera, Davis kopatik pasaz, tipoak ez duela ikasi behar bezala janzten, eta sake bakoitzaren aurretik hor ibili izan dela, mundu guztiaren aurrean, ipurdiko erretenean sartuta zeukan galtzontziloari tiraka. Hori barkaezina da, Rafa.