Nonbait irakurri dut egunotan aldaketa klimatikoa, funtsean, zera dela: beste norbaitek telefonoko kamerarekin grabatutako katastrofeen irudiak ikustea zure pantailan; eta jabetzea katastrofe horiek bizi zaren lekutik geroz eta gertuago gertatzen ari direla; eta egun batean konturatzea, katastrofearen irudiak ikusten ez, baina zerori zure kamerarekin grabatzen ari zarela.
Valentziatik datozen informazioak ikusita, ordea, gogoa ematen du eslogan zahar hura berrartzeko –“denak ari dira eguraldiaz: gu ez”–, inuzentekeria galanta bailitzateke pentsatzea lokatzetatik ateratzen ari diren gorpu horiek guztiak Meteorologia izeneko jainko apetatsu batek ito dituela bere esku doilorrekin. Historia gaiztoagoa izaten da beti. Eta, kasu honetan, hainbeste heriotzaren kausanteak bilatzen hasiz gero, bizi garen sistemak klimari eragiten dizkion nahasmenduez gain, inkonpetentzia instituzionala eta esplotazio patronala ere berehala agertzen dira.
Horrela esanda –inkonpetentzia instituzionala, esplotazio patronala–, hitzei lokatza falta zaie, ordea. Ulertu behar da zer nolako giza-materialez osatuta dagoen Valentziako desastrearen aurrean ezer gutxi egin duen aginte-katea. Emma Zafon kazetari eta idazleak deskribatu du, beharbada, modurik zehatzenean: “Gertutik ezagutzen ditugunok badakigu PP valentziarreko buruzagi nagusien gaitasun falta ozeanoa bezain handia edo ama baten maitasuna bezain zabala dela. Valentziako Generalitateko gaur egungo Kontseilua, presidentea bera barne, konplexurik gabe dago osatuta familia oneko alferrontzi gisa besterik definitu ezin ditugun ordezkariz. Halakoren seme eta bilobak. Gorbataz eta unibertsitateko tituluz hornituriko jende mota bat, zeinak ahoa irekitzen duenean erakusten baitu gonbidatu perfektua dela ergelen afarirako. Vazquez Montalbanek haiei buruz esango luke, horretarako irabazi zutela gerra, inoiz gehiago pentsatu behar ez izateko”.
Betidanik agindu izan duen kasta hori ez da iritsi dagoen lekuraino zerbitzari publiko izateko. Beraien zera, disimulatu ere ez dute egiten, beste zerbait da: lagunen negozioak, haiei zor dizkieten faboreak, haiengandik jasotzen dituzten eskupekoak eta komisioak. Diruaz gain, pasio identitarioren bat –“hau ez da Katalunia!”–, eta gehienetan, eskailera batzuk gorago iritsita, Madrilgo negozioetatik ere etekina ateratzeko esperantza.
Orain, beren burua estu ikusi dutenean, lokatz informatibo eske dabiltza, gaitasun falta erabateko hori estali beharrez. Esperoko dute garbiketa lanak bukatzean, bizirik gabeko azken gorputza uholde zikinen lohietatik ateratzean, jendea hain nahastuta egongo dela, ezen ahaztuta izango baitute nolako fanfarroikeriaz agertu zen Carlos Mazon duela urtebete, Larrialdietarako Unitate Valentziarra desegin zuela iragartzen. Jendeak ahaztuko duela ura lepoan gora zetorren arte itxaron zutela alarma-deiak egiteko. Jendeak ahaztuko duela nola baimendu zuten, dilubio unibertsalaren erdian, lantokiak irekita mantentzea.
Jendeak, segur aski, Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatuko du. Eta Mazonek, segur aski, ez du dimitituko. Madrilgo erkidegoan agintzen duen bere alderdikidea egunero bere bulegoan esertzen bada, pandemia garaian erresidentzietan hildako 7.000 lagunen ardura politikoa bizkarrean eduki arren, zer utzi behar du berak postua, Valentzian ehunka batzuk “bakarrik” hil badira.
Gorpuak mahai gainean daude eta xakean jokatzeko erabiliko dituzte politikariek. Telefonoko pantailan ikusiko dugu, fenomeno meteorologikoren bat balitz bezala.