Hemen aipatzea merezi ez duten kontuengatik, Pauera (Okzitania) bisitatxoa egin behar izan nuen azaroko azken astean. Ez nuen asko espero justu 59. Azokaren atarian haraino joanda Durango muturren aurrean agertuko zitzaidanik, non eta Hedas auzoaren bihotzean, han baitago Durango Café. Argitu gabe geratu zait ea gure Durangorengatik jarri dioten izen hori ala Bob Dylanen Romance in Durango gogoangarriagatik –gogoangarria, baina Mexikoko Durangori buruzkoa, ez gaitezen tronpa–, izan ere, kasu handirik egin gabe pasa nintzen ondotik.
Ez nenbilen han euskal gauzen peskizan, auzo horretan montatu dutena ikusi nahian baizik: La Ciutat, hizkuntza eta kultura okzitaniarrak hirian lekua izan dezan 30 elkartek bat eginda sortu duten ekimena, denetik biltzen duena, Aqueras Montanhas kafetegi eta kultur-dendatik, bertako hizkuntza ikasteko baliabideetaraino; eta sorkuntza musikalerako zentroa, mediateka, coworking gunea. Auzo berean dago La Tor deu Borrèu ere, ezkerreko independentista okzitaniarren topalekua. Izango dira gauza gehiago –bide-seinale elebidunez gain, esan nahi dut–, baina begiak horretan oso jarrita dauzkan bisitariak ere nekez aurki ditzake, linguizidio frantsesak kasik mapatik borratu baitu Oc-eko hizkuntza Pauen ez ezik, berezkoa zuen herrialde osoan. Okzitanistak lana erruz egiten ari dira galdutako guztiaren apur bat berreskuratu beharrez; hala ere, zalantzan dago Mistralen eta Mancieten mintzairak hurrengo menderik ezagutuko ote duen.
Garratz horiek Verd e Blu taldearen folk alaiarekin pixka bat konpentsatuz-edo egin nuen bueltako bidea kotxez. Eta Durangoko Azokako lehenbiziko eguna iritsita Landakon sartzean, sentsazio ezin estrainioago bat edukitzen hasi nintzen. Barrutik sortzen zitzaidan argi moduko bat. Kilima antzeko batzuk. Zer da ordea, Gorka, mekauendios, gure zera honekiko sentitzen ari zaren hau? Inoiz aguantatu ez dituzun inuzente horiek baikortasuna deitzen diotena, agian?
Joder, hori besterik ez genuen behar. Bai gauza itsaskorra, gainera: ez zitzaidan kentzen, ezta eskoletatik hara derrigortutako gazte gehienak gaztelaniaz entzuten nituenean ere. Ezta Azokatik bi pausotara kafe bat euskaraz eskatu eta noentiendo-ka erantzun zidatenean ere. Ezta arratsaldeko bisitari kopuru eskas samarra ikusita ere.
“Bai, baina”, erantzuten zidan barne-narratzaileak. Eta adi datuari: akaso historian lehenbiziko aldiz, objekzio horiek edalontzi erdi betekoak ziren. Baina begira zenbat argitaletxe, hedabide, autoekoizpen; baina komikiak, rol jokoak, itzulpenak; baina ze txertatuta dagoen jada ikuspegi digitala; baina ze jubilatu dauzkagun, Benidormera joan ordez gauza zahar eta berriak argitaratzeko plataformak sortzen; baina ez al da deigarria gutxienez, aurkezpen bateko publikoan zaharrenak ia 80 urte izatea eta gazteenak berriz 20 hortxe-hortxe?; baina hemen dabiltza-eta Pott-ekoak, Tropelekoak, Lubakikoak, Bihotz Bakartien Klubekoak, Volgako Batelariak, Kevin Heredia, Itu eta Behe Bandakoak ere; baina jarri ote du inoiz gure kulturak hainbeste jende aldi berean lanean antzeko samarrak izan daitezkeen koordenatuetan?
Ezetz, ezetz, ezetz esateko arrazoiak, noski, ugari izango dira. Eta beharrezkoak. Ez zuen alferrik argitaratu Lanarteak abenduaren 3ko aldarria. Ez da alferrik bildu Durangon bertan EHEk deituta euskaldun pila euskararen errepublikaren alde. Baina Paueko itzuleraren aldean, gozoa izan zen Durangotik buelta, zakuan Antonio Gramsciri euskaratutako testuak neuzkala eta, kopilotu gisa, marxista italiarraren irakurle on bat, maxima zaharra berrituz: “Adimenaren ezkortasuna eta borondatearen baikortasuna”.