Hil egin zaituzte, Walid

Gorka Bereziartua
0
Walid Ahmad 17 urteko gazte palestinarra hil dute kartzelan.

Azal eta hezur geratu zara, Walid. Norbaitek ikusiko bazintu, segundo erdiz gogora etorriko litzaioke hortxe, zauden lekutik ez oso urrun, aspaldiko garaietan lurperatutako faraoien gorpuek izaten zutela orain zureak daukan itxura. Haiek ere erauzi zituzten beraiena zen lurretik, eternitate osorako gorde behar zituen hilobitik; eta orain museo europarretan daude ikusgai, bisitan doazen ondo elikatutako haurrentzat nazkagarri. Baina lasai, Walid, zurekin ez dute horrelakorik egingo. Ez zaituzte enbaltsamatuko; ez dituzte zure hezur eta azalak eguzkitan lehortuko; erretxinezko eta oliozko masaje gozorik gabe geratuko zara; erleen argizariak eta lihozko bendek ematen duten luzerako babesa ere ukatuko dizute, ura, ogia eta beste guztia bezala. Eta ez, ez zaituzte –horretaz seguru egon zaitezke–, gure herrialdeetako Historia museoetan erakutsiko, nahiz eta zure organismo torturatuak gehiago duen esateko une honetan gure agintariek (ekintzaz) eta gutako gehienok (ekintza faltaz) idazten ari garen historiaren puskaz, edozein testu-liburuk eta ikerketa burutsuk esango dutena baino.

Gustu txarrekoa litzateke, ordea: pertsonak hil ditzakete; pertsonak hiltzen dituztenak armatu ditzakezue eta hiltzen ari diren bitartean beste alde batera begiratu; pertsonak hil aurretik haiek torturatzen, espetxeratzen, goseak akabatzen, heriotzaraino gaixotzen uzten diegu. Baina gorpuak jendaurrean erakutsi? Hori ez, mesedez: nekro-pornografiak –ikusten duzu, edozertarako ditugu kontzeptuak– ez omen du ezer onik ekarriko Palestinako auziaren inguruko eztabaidara.

Gainera, zertan ari naiz hemen, Walid, zure gorpuari hizketan, zure senideek ere oraindik ikusi ez badute. Zertan, lurrean sartzea ere ukatzen badizute. Zertan, oraindik zure azal eta hezur hebainduen lekuko bakarrak forentseak badira –zure hiltzaileez gain, noski–. Zertan, zertan, ari naiz, izugarrikeriari neurria hartzeko haien txosteneko hizkera profilaktikoaren lerro artean sumatzen dena imajinatu besterik ezin badut egin –imajinatu, adibidez, zer tratu eman dizuten sei hilabetez, zure gorputz gaztetik gantzak eta giharrak erabat desagertu direnerako; imajinatu nola erabili zaituzten, gazte segail osasuntsu, azken hatsa eman ondoren sarnak janda aurkitu zaituztenerako; imajinatu lepoan ageri zaizun ebaki horren kausa: kartzelazain sionistaren batek labankatu ote zintuen dibertitzeko, beste batzuekin egin izan duten bezala–.

Hil egin zaituzte, Walid Ahmad. Prentsak dio futbolean jokatzea eta kickboxinga gustatzen zitzaizkizula. Prentsak dio apiril honetan beteko zenituela hemezortzi. Prentsak dio Silwaden (Zisjordania), zure gurasoek gordeta dituztela kirolean irabazi zenituen trofeoak eta dominak. Prentsak dakartzan zure argazkietan, kalean ikusten ditudan zure adineko gazteen tankera hartzen dizut. Prentsak dio 2023ko urriaren 7tik Israelgo kartzeletan hil duten lehenbiziko adingabe palestinarra zarela. Prentsan, tartean behin, izen-abizenak jartzen baitizkiegu genozidio honetan hiltzen zaituzteten milaka lagunetako zenbaiti. Eta sentitzen dut informazio osoa ezin eskuratua, zuen hiltzaileen izenak ere argitaratu beharko baikenituzke, beraien seme-alabek, bilobek, birbilobek, mendeen mendeetan zainetan daramaten odolarengatik lotsarik beltzena senti dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA