Gasolioaren profeta

Gorka Bereziartua
0

Ekologista maltzur horiek herrialde guztietan estatu-kolpeak planeatzen ari diren garai honetan, zeinean klimaren izorramenduari loturiko angustia existentziala bilakatu den energia berriztagarri guztien artean gehien produzitzen dena, zorionekoak izan behar dugu, esperantzaz beteriko mezu bat dakarren CEO bat –eta CO2– agertu baitzaigu pasa den asteko aldare informatiboetan. Gorputz guztia dieselez lubrifikatuta, hitz egitean ahotik ke beltzezko hodeiak isurtzen, fede berri batera konbertitu nahi du Euskal Herria Josu Jon Imaz Pragmatismo Petrokimikoaren Eliza Goreneko aita santuak.

Etorkizuna garbi ikusi du: erregai fosilak ez dira ahaztu beharko genituzkeen iraganeko erlikiak, ondo gorde, mimatu eta azken tanta agortu arte suarekin bedeinkatu behar diren likido sakratuak baizik. Eta horregatik, gogor egin du ideologia berdearen fede faltsuan sinesten dutenen kontra, haien moral bikoitza, bi azaleko kopeta, begi bakarreko negarra, atzamarrarekin seinalatuz: beti dabiltza galbidean diren animaliengatik eta landareengatik lantua jotzen; eta, aldiz, itsu, mutu eta gor geratzen dira giza-jarduerak desagertzeko zorian jarri duenean barne-errekuntzako motorren espezie guztia.

Aldarria argi dago: dieselak motorra behar du eta euskal automobilgintzak zu behar zaitu. Jendeak jada ez daki ze kotxe erosi ere. Agintariak: kaka nahasten ari zarete. Kolega, non dago nire autoa? pelikula dirudi honek, joder, estralurtarrak bakarrik falta zaizkigu. Eta ez da hain zaila ulertzea: karbono emisioak gutxitu nahi baditugu, estrategiarik eraginkorrena karbonoa isurtzen jarraitzea da, baina ez antigoaleko kotxe zaharrekin, ibilgailu berriekin baizik, auto-industria beste hogei urtez bizi dadin, gainontzeko guztia hiltzen bada ere.

Marmarti hippy progre belarjaleek esango dute Imazen diskurtsoak antz handiegia daukala betirako tabakoa utziko duela dioen norbaitek azkenekoa, benga, serio, hau benetan azkeneko zigarroa izango dela dioen nikotinazale baterenarekin. Kontua, ordea, ez da eman dituen datu ugarietatik bakarren bat egiazkoa ote den kontrastatzea, azken finean “gasolio berriztagarria” kontzeptua merkaturatu zuen enpresa bateko ordezkariaz ari baikara. Kontua sinestea da. Sinestea, etorkizuneko mundu batean, zeinean denok eskutik emanda dantza egingo dugun berunik gabeko nektarraren zipriztinez osatutako ortzadar-koloreko putzuen gainean, batzuek tekno-fantasiatzat jo eta erabat baztertu zutena egia bihurtu zelako eta, Repsoleko kimikariek, azkenean, lortu zutelako eguzki-izpiak hidrokarburo botiletan sartzea.

Oh, Josu Jon Imaz, dieselaren mesias dohatsua, eskerrak ematen dizkizugu. Mila esker, krisi klimatikoaren ezinegonak bizi gaituen garai honetan beste inork eskaintzen ez duena ekartzeagatik: atzoko egunen tuboeskape usain lasaigarria, etorkizuneko promesaren itxura daukan Brent upel batean sartua. Mila esker, eta bat gehiago, planeta hau gure planetan daukagun guztion bidea argitzeagatik, orain argi baino argiago baitago, gure arteko xextrak alde batera utzita, nori begira jarriko garen inguru guztia behin betiko kiskalita geratzen den egunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA