Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Bukatu da euskal oasia

Gorka Bereziartua
2025-09-01
1

Bai lagunok, bukatu da, akabo, fini, kaput. Euskal oasiarenak egin du. Jarri pelikularen amaierako kredituak, ez dago fartsa honi gehiago eusterik. Agerikoegia bihurtu da, ukondoarekin ere ikusi liteke. Funtzionatu zuen bolada batez, ez dut ezetz esango; desberdinak ginela uste izan genuen, arrosa kolorez jantzia genekusan gure zera guztia, “hemen baino hobeto non ba?” esaten genion gure buruari. Baina errealitatea –tirano arrotz ezin ohilduzko hori– etorri zaigu belarrondoko bortitz batekin ametsik ederrenetik iratzarraraztera. Bukatu da inoiz benetan existitu den euskal oasi bakarra: amaitu dira oporrak.

Lanera eramango gaituen autobusean, sarreran fitxatzean, makinako kafearen kondarretan etorkizun hobe baten aukera irakurtzen saiatzean; eta enplegu-bulego hitsetan txandaren zain gaudenean, haurrak eskolara presaka eraman beharrez oinarrizko printzipio pedagogiko guztiak zakarretara botatzean, klase-ordu asperramorranteen pairamen eternalean; eta lagunak kriptoetan inbertitzeari buruz hizketan hasten direnean, lehenbiziko euriekin zapataren zolak zuloa daukala konturatzean, udan kanpinean ateratako argazkiari begira malko bat isurtzean, munduko beste edozein lekutan bezain dohakabeak izango gara hemendik aurrera –tira, horrek ere ñabardurak eskatzen ditu, kontuan izanda munduko leku gehienetan panorama dezente txungoagoa dela, baina ulertzen didazue–.

Bukatu da, beraz, euskal oasia. Alegia, bukatu da berriz. Eta espero dut oraingo honetan behin betikoa izango dela, ze badauka oporren amaiera honek gainontzeko kalte guztien aldean txikia dirudien arren, niri behintzat kopeta lainotzen didan beste gauza bat: ostera ere alerta egoeran sartu garela, Euskal Herriko problemei buruz idazten hastean artikulugileei inork ez baitie frenorik jarriko teklatuan. Eta ditxosozko oasia aipatzen hasiko dira denboraldi honetan ere, noski. “Bukatu da euskal oasia”, jar dezakezu titularrean, hemengo ustelkeria kasuei buruz hitz egiteko; edo hezkuntza publikoaren arazoez; edo EAJ-PSEren entente cordiale-ak arrakalak dauzkala esateko; edo euskaldunak arrazakeriatik libre ez gaudela seinalatzeko. Pentsatzen jarrita, Realaren denboraldi hasierarentzat ere baliagarria suerta liteke honezkero.

Izango dira, nik zer dakit, hamar bat urte gutxienez euskal oasiaren amaiera iragartzen dela ezkerreko, eskuineko eta zentro komertzialeko medioetan. Kontzeptua zirkulazioan jarri zenetik, alegia. Orduan, bitako bat: ez zen inoiz existitu; edo Jacques Derridak La Dissémination-en iradokitako bidetik, oasiaren ukazioa bera bilakatu da haren existentzia defendatzeko modu bat. Hirugarren aukera ere hor dago, prosaikoagoa segur aski –baina badakizue hemen gauzen esplikazio prosaikoen alde lerratzeko joera dugula–, alegia, “euskal oasia” klixe huts bat bilakatu dela, ziztri-miztri samar geratzen ari den edozein testuri planta pixka bat emateko balio duena. Klixea, ordea, txiklearen oso antzekoa da –eta ez bakarrik fonetikan–: behar ez den lekuan pegatuta geratzen bada, ez dago askatzeko modu zibilizaturik.

Bale, hemen ere arazoak dauzkagula. Euskal Herria ez dela oasia. Esan dugu. Behin, bitan, hiru milioi alditan. Nekatuta egon behar du dagoeneko eta utz dezakegu pixka batean ideia hori lasai egoten, aldiro bolbora asmatzen ariko bagina bezala kontuarekin atzera mailuka hasi beharrean. Gainontzean itxura tamalgarria emango baitugu munduaren aurrean: beste jende gehienek ere badauzkaten problemak edukitzeagatik etengabe harritzen ari den probintziano kuadrilla batena.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Bukatu da euskal oasia (e)k dio: Erantzun
    2025-09-02, 4:10

    […] Gorka Bereziartua, ARGIAn. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Tussentaal bat gure mingainari2025-07-27
Erretiradako heroiak ere behar dira Hondarribian2025-09-08
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA