Oxala puntu honetan hanka ipurmasaileraino sartzen ariko banintz, baina joan den astean AEBetako Utah estatuan gertatu zenari Reichstageko sutearen usaina dario.
Izango duzue, noski, oinarrizko informazioa: unibertsitateko ikasleen aurrean hizketan ari zela, tiro batez hil zuten Charlie Kirk propagandista ultraeskuindarra. Hau idazten ari naizen unean oraindik ez dago argi hiltzaileak zergatik egin zuen hori, baina bost axola full nazi-mode dabilen eskuin trumpistari. Etxe Zuriko agente laranjak ezker erradikalaren biolentzia politikoa besterik ez du ikusi nahi gertakariaren atzean eta agindu du “ankerkeria horretan eta beste biolentzia politiko batzuetan lagundu duten guzti-guztiak” aurkituko dituela, “baita hura finantzatzen eta babesten duten erakundeak ere, baita gure epaileen, ordena publikoko funtzionarioen eta gure herrialdera ordena dakarten beste guztien atzetik doazenak ere”.
Reichstageko kearen urrin hori: 1933ko otsaila, Alemaniako legebiltzarraren eraikina kiskalita. Gertakaria komunistei leporatzeko kanpaina. Biharamunerako, Hitlerrek bultzatuta, dekretu bat onartu zen oinarrizko eskubideak bertan behera utziz. Oposizio politiko guztiaren aurkako jazarpen bortitza. Weimarko Errepublika, zigarro-paper bat, urte hartako martxoan Hitlerrek pipatuko zuena diktadore bilakatu zela ospatzeko.
Historia ez da berdin-berdin errepikatzen, badakit. Baina iraganeko tonu nabarra har dezake batzuetan. Kirken hilketaren ondoren AEBetako eskuina emititzen ari den mezuak hori adierazten du: polarizazioan are gehiago sakondu, gurekin zaude ala hiltzailearen konplizea zara.
AEBetako kongresuko ordezkari errepublikano gogorrenek dagoeneko eskatu dute batzorde bat “ezker erradikala” ikertzeko –beste errima historiko bat: Gerra Hotzean McCarthy senatariak bultzatutako “barne etsaien” aurkako sorgin ehiza dakar gogora–, eta bitartean, herrialde osoan hasi dira jendea lanetik botatzen sare sozialetan edo hedabideetan hildakoari buruz esan dutenagatik. Ikusi dudanaren arabera, jazarpena ez da mugatzen militante transfemiekolomarxistetara: Matthew Dowd, George Bushen hauteskunde-aholkulari izandakoa, MSNBC kate progretik bota dute Kirkengan oso tipikoak ziren gorroto-diskurtsoak gogora ekarri dituelako. “Desegokia, sentsibilitate gutxikoa eta onartezina” izan omen da, katearen arduradunen ustez.
Hori baita bestea: arma guztiak erabiltzeko prest dagoen eskuin muturraren aurrean, liberal usamerikarrak galduago dabiltza crossfitero bat poesia errezitaldi batean baino. Despistearen lagin on bat izan liteke Ezra Kleinek The New York Times-en argitaratutako artikulua, zeinean pentsamendu bigunaren tontorrik garaienetakoa izan behar den topiko hau irakurri dudan: “Kirkek sinesten zuenaren zati handi bat desatsegina gerta dakizuke eta, hala ere, hurrengo adierazpena oraindik egia da: Kirk politika modu egokian praktikatzen ari zen”.
Zaila da, baina dena dago gaizki esaldi horretan, politika atsegin/desatseginen joko hutsa balitz bezala ulertzetik hasi –eskubideei buruzko debateak gustuen alorrera eramanez–, “esango dudana egia da” moduko formulak erabiltzetik pasa –ia beti gezurrik miserableenen iragarle izaten dira horrelakoak– eta azken petardoarekin lehertu: orain garrantzitsuena ez da Kirkek palestinarren genozidioa, unibertsitateko irakasle ezkertiarren jazarpena, etsai politikoen aurkako indarkeria, arrazakeria, lgtbfobia eta supremazismoa barra-barra bultzatu zituela –eta, bide batez, horri esker 12 milioi dolar poltsikoratu, gorrotoarekin aberastu ere egin zela ez baita asko aipatu–; orain hori egin zuen formari erreparatu behar zaio. Kirk bezalako norbait demokraziaren martiri bilakatzeko edo? Asmoa hori bada, puntu ahulik gabeko plana dirudi.
