Paristik deika

Gorka Bereziartua
0

Behin edukiko ordu bat libre, egiteko ezer berezirik gabe; eta banenbilen Bidasoaren inguruan paseoan, udazken epelaren masajea aurpegian sentitzen. Baina paraje horietan maiz samar promenatzen denari gertatu ohi zaion moduan, telefonoaren roaming-a zoratu zitzaidan, bestaldera pasatzeko gogoa jarri edo, auskalo; Izarkom utzi eta Bouygues harrapatu zuen.

Dardarka patrikan. Ez nuen zenbakia ezagutzen, baina hartzea erabaki nuen hala ere. Frantsesez hasi zitzaidan beste aldekoa, bere onetik aterata. Azkar, hitzak janez, ondo ulertzen ez nituen arren –gauza hauek ez baitira gehiegi lantzen Hizkuntza Eskolan eta klaro–, maldizioak ziruditen gauzak esaten Koprolaliak jotako norbaiten kopuruetatik gertu. Urduri, hitz batean esateko.

Lasaitzeko eskatu nion, ezin zuela hainbesterako izan.

–Ez dela hainbesterako? Ezetz?! Oraindik hau aguantatu behar, putain, esango dizut nik, esango dizut ze zerrikeria egin didan. Mokordo puska hori. 27 egun! Imajinatu behar nuen, baina ez, emaiozu konfiantza Manu, ez dizu hutsik egingo. Kaka gogor eta lehorra! Ez zait ba etorri ospa egingo duela esanez?!

Ez nuen ezer ulertzen. Esan egin nion.

–Eta uste duzu nik zerbait ulertzen dudala honezkero?! Zer iruditzen zaizu, nik zuen guztien connerie hauek denak beti ulertu behar ditudala?!

“Bale Gorka, horrela es mutico”, esan nion nire buruari. “Hatu annassa. Ordena pixka bat jarri behar duzu elkarrizketa honetan ze, argi dago jaun honek hitz egiteko premia larria duela”.

–Ea, lagundu nahi dizut: non zaude? –behin irakurri nuen krisi nerbioso bat jasaten ari den jendeari on egiten diola bere burua fisikoki kokatzeak.
–N-non… zer?
–Zer ikusten duzu?
–Ura. Ib… ibai bat.
–Hara, nik ere bai. Zurekin nago honetan, ados? Biok ari gara ibaiari begira. Ura. Ura lasai dator. Zu ere ura bezala, Manu. Ze, Manu duzu izena, ezta? Hori ulertu dizut.
Mais qu#&%! Manu, bai.
–Ea, non dago ibai hori? Non zaude, Manu?
–Pa… Parisen.
–Parisen, ados. Parisen zaude ibaiari begira. Sena, ezta?
–Sena, bai. Paris. Manu. En fait, gehienentzat Emmanuel.
–Ados. Eta norbaitek utzi egin zaituela ulertu dizut. Hala da?

Berriz hasi zen txakurrarenak esaten, Parisko estolderia guztia ahotik botaka. Hustu zen arte itxoin nuen oraingoan. On egin zion, zentzatuago zirudien berriz hizketan hasi zenean.

–Situazioa extrêmement larria da. Norbait behar dut.
–Bai, bai, ulertzen dizut Manu… Emmanuel –batez ere bere emozioak ontzat eman, Gorka.
–Ah, azkenean! Zuk ulertzen nauzu.
–Bai, bai, hori esan dizut.
Zuk bai! Inork ez ninduela ulertzen uste nuen. Eta zuk bai! –tira, konektatu genuela zirudien– Zu behar zaitut –baina, era berean, kontua pixka bat arraro jartzen ari zen. Ezin tipoa botata utzi ordea. Desesperatuta zirudien.
–Zurekin nago Emmanuel. Manu. Lasai egon.
–Ados, ados. Orain garbiago dago dena. Baina hona etorri behar duzu berehala, dena prestatuko dut zu izendatzeko.

Zin dagit momentu horretan ezagutu nuela ahotsa.

–Izendatu, Macron jauna?
–Errepublikako lehen ministro, alegia. Inkonpetentez inguratuta nago eta ni ulertzen nauen norbait behar dut alboan. Gaur arrats…

Juxtu orduan moztu zen deia, telefonoak Bouygues uztea eta Izarkomera itzultzea erabaki zuelako. Ez zirudien ba lan-eskaintza txar-txarra ere. Enfin, kafesne bat hartzera joan nintzen. Ez zidan berriz deitu eta gero jakin dut Manu abandonatu zuen tipoak azkenean berarekin itzultzea erabaki duela. Matignongo lanpostu hori okupatuta dago berriro. Ea hemendik pare bat astera lehertuko den gobernu-krisian zorte hobea dudan telefonoaren estaldurarekin, ez baitago asuntua horrelakoak pasatzen uzteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA