Memoria bai, gaur-gaurko politikeria ere bai

Gorka Bereziartua
0

Gernikan joan den astean ikusi dugun koprodukzio hispano-alemaniarrak Frank-Walter Steinmeier –Alemaniako presidentea, alajaina– ekarri du paraje hauetara. “Historiko” gisa definitu zuten bisita berehala eta nire ustez ere hala izan da; baldin eta historia ulertzen badugu Walter Benjaminek bezala, alegia, eraikitako objektu gisa, zeinaren osagai nagusia gaur egungo denbora baita. Oraintxe bertan jokatzen ari den partiduari begiratuta, askoz hobeto uler liteke zer egiten zuen bonbardaketaren biktimen omenezko ekitaldiko protagonista bakoitzak.

Steinmeierrek, adibidez. Etxekoentzako bideo bat grabatu duela iruditzen zait, CDUko demokristauak eta SPDko sozialdemokratak pixka bat beldurtuta dauzkan AfD alderdi ultraeskuindarraren gorakadak nazizuriketa ere ekarri baitu, hitzez hitz esanez alemaniarrek ez dutela lotsatu behar beren iraganagatik –uler bedi Hitler, milioika hildakoak, kontzentrazio-esparruak eta abar–. Steinmeierrek historiaren bidez gaur egungo politika egin du, aitortu duenean Alemaniak Gernikarekin “erantzukizun historikoa” daukala. Eta ondo iruditzen zait, noski. Hobeto irudituko litzaidake, dena den, kartak bestelakoak zirenean justu kontrakoa egin izan ez balu, ezaguna baita genozidio armeniarraren aurrean hartu zuen posizio negargarria –baina klaro, orduan Turkiarekin ondo konpontzea tokatzen zen–.

Dena ez da Bundesliga ordea, eta agian Herr Steinmeierrek pixka bat Championsean ere jokatu du: Alemaniak Kondor Legioarengatik barkamena eskatzen badu, ez ote da Italiak ere fitxa mugitzeko tenorea, Aviazione Legionariak operazioan parte hartu zuela kontuan izanda? Hango presidentea ere Gernikara etorriko litzateke? Ui, baina horrek problemaren bat edo beste ekarriko luke Chigi palazioaren –lehen ministroa, Giorgia Meloni neofaxista– eta Quirinal jauregiaren –presidentea, Sergio Matarella demokristaua– artean. Horrelako gatazkak eszenaratzea, iruditzen zait niri, interesgarria da alderdi ultren aurrean haizeak nondik jotzen duen oso ondo ez dakiten zentro-ezker eta zentro-eskuin europarrentzat, sikiera bizirik daudela erakusteko.

Baina utz ditzagun europarrak beren kontuekin, guk gureak dauzkagu-eta. Imanol Pradales lehendakaria ere hantxe zegoen; baita bisita ofizialarekin lotuta Madrilgo Zarzuela jauregian aurretik egin zen oturuntzan ere. Adi datuari: 20 urte baino gehiago zeramatzan lehendakari batek Espainiako erregeen palazioa bisitatu gabe. “Inork ez du zalantzan jartzen Espainiako Estatu hark ez daukala zerikusirik gaur egungoarekin” ere adierazi zuen joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean eta, tira, hori sinpleki faltsua da, izan ere 1) bai, batek baino gehiagok jartzen du zalantzan hori, zeren 2) Espainiako Trantsizioa “lege batetik beste lege batera, legearen bidez” egin baitzen, Torcuato Fernandez Miranda dixit, frankismoa hautsi gabe.

Ai, baina itxoin, hori ere esan du EAJk. Izan ere, EAJk beti emititzen du mezu bat baino gehiago aldi berean, horrela Pradalesen diplomazia gustatzen ez bazaizu, hortxe duzu Estebanen pack abertzalea: monarkiari kritika Espainiak bonbardaketan dagokion partea aitortu ez duelako; eta autogobernua, aitortza nazionala, euzko lurrean zutunik, tartartar. Eztula bezain zaharra da bikoiztasun hori, baina funtzionatzen segitzen badu, zertarako aldatu?

Feliprest erregeaz nahiago asko ez luzatu: Gernika kiskali gabe, Gerra Zibilik gabe, frankismorik gabe eta ondorengo prestidigitazio guztiak gabe, borboitarrak ahaztutako historia lirateke. Erregimenaren jarraipen azpidemokratikoa ordezkatzen duen figurak barkamena eskatu? Ez joder, ez, lepoa boluntarioki gillotinan jartzea bezalakoa litzateke hori. Eta erregeak behar du lepoa. Buruari eusten diolako, besteak beste. Non jantziko zuen koroa bururik gabe, e? Beste gorputz-atalen batetik dingilizka ez da ondo geratzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA