Brasilen dago Ilha da Queimada Grande, Sao Pauloko estatuaren kostaldetik 35 bat kilometrora, ozeano Atlantikoaren urez inguratuta. Antza denez, deforestazioari zor dio irlak bere izena, inguruko arrantzaleek goitik behera kiskali baitzuten, dena zuhaitzez soildu ondoren banana-sailak landatzeko asmotan. Kontua ez zen ondo atera. Gero faro bat ere eraiki zuten 1909 alde horretan, ingurutik pasatzen ziren barkuei adierazteko hor, olatuen artean, bazegoela zerbait; argi ibiltzeko branka arroken kontra txikitu gabe. Farozaina izan omen zen irlako azken giza-biztanlea, baina 1920an hustu zituen lekuak, argi automatikoa jarri zutenean. Ez nau batere harritzen.
Ez nau harritzen, izan ere, kondairaren arabera, Ilha da Queimada Grandeko metro koadro bakoitzean bizi omen dira bost suge gutxienez, tartean han bakarrik aurki daitekeen espezie bat, Bothrops insularis, zeinak, munduko sugerik pozoitsuenetakoa izanik, denetik eragin diezazukeen hankan heltzen badizu, demagun, galtza motzetan tipi-tapa korrika ateratzea bururatu zaizun arratsalde eguzkitsu batean: mina, ubelduak, botagura, hesteetako odol-isuria, garuneko hemorragia, muskulu-ehunetan nekrosia… Bizi zaitez hor, harreman, nola esan toxiko hori besterik proposatzen ez dizuten animaliaz inguratuta.
Oso erabaki zentzuduna izan da, beraz, aurtengo Korrika Ilha da Queimada Grandetik ez pasatzea. Ideiak logistikoki problema inportanteak zeuzkan –ea nola eramaten duzun furgoneta Brasilgo kostalderaino–, baina hori ere ez zen oztopo izango uharte hartan AEKren proiektua eta, oro har, Euskal Herria euskalduntzea babestuko luketen pertsonak egongo balira. Asuntua da han ez dela inor bizi. Han ez duela inork bizi nahi, sugeek izan ezik.
Ez pentsa, hala ere, uharteko biztanle guztiak erabakiarekin konforme geratu direnik. Sugeak izango dira baina, joder, nola tekleatzen duten. Korrikak iraun duen bitartean, ikustekoak izan dira Euskal Erdian gehien irakurtzen diren egunkarietan utzi dituzten iruzkinak. Egun bakoitzean gure maratoia nondik nora zebilen xalo-xalo kontatzen zuen notizia ikusi eta mizto digitala dantzan jartzea, dena bat. Ez ditut lerro hauetara hitzez hitz bihurtuko begiok jasan dituzten hozkadak, baina aitortuko dizuet: lanak izan ditut komentario horietatik libratzen, minetik botagurara ez pasatzen; botaguratik garuneko hemorragiara.
Antidoto onena, Korrika bera, badaukalako ezaugarri bat desberdin egiten duena: pasa egiten da, bide bazterreko erresumin handiaren irlan marmarka dagoenari jaramon handirik egin gabe. Eta pasa egin behar du, bere erritmoa daukalako, bere helburuak; eta bai, bere kontraesanak, begiak horretan bakarrik jarriz gero kilometro bakoitzean ikus ditzakezunak, baina ez diotenak eragozten aurrera segitzea. Horrelakoa baita herrigintza funtzionatzen duenean: beste afera askotan bat ez letorkeen jendeak parte hartzea erabakitzen duen lasterketa inposible bat da, zeinak, sarritan, erakusten digun azkarxeago ere joan gaitezkeela, bagoazela, baietz, posible dela, hortxe dagoela ikusi nahi duenarentzat.
Hurrengo Korrika iritsi bitartean hobe animo-egoera horri heltzea ze, bolada luze samarra darama euskarari buruzko eztabaidak Ilha da Queimada Granden: poz gutxi, pozoi gehiegi eta uhartea bereganatuta daukaten suge kuadrilla bat, lasterka egin nahi duen edozeini erritmoa markatzen.