Bitxia da hemen eta munduan Nafarroako Erresuma azken urteotan pizten ari den interesa. Tira, hemengo jakin-minak ez luke hain arraroa izan beharko. Iñaki Perurenak ongi azaldu duen moduan, norbere herriaren historiagatik denok eduki beharko genuke kezka apur bat. Baina, eta atzerritarrek? Duela urtebete inguru Regresa film mexikarrean Nafarroako printzesa zen protagonista. Orain, Assassin’s Creed: brotherhood bideojokoan, XVI. mendeko Vianatik promenatuko gara.
Cesare Borgia baita jokoko antagonistetako bat. Eta Ezio Auditorek, protagonistak, hil egin nahi du. Azpiko bideoan ikus dezakezue bien arteko borrokaren hasiera nola irudikatu duten. Hori bai, duda handiak dauzkat 1507an inork inguru horri “Spain” esaten ote zion. Toponimo hori “Basque Country” bezain gutxi erabiliko zela esango nuke.