'Angie' edo nola saldu diskoak Durangon

Gorka Bereziartua
0

Anita Pallenberg eta Keith Richards

Nagikerian instalatuta geunden Bilbon, Garcia Salazar kaleko pisuko salan, telebistari begira, agian pizza bat afaldu berritan, Rolling Stones-en Angieren bideoklipa agertu zenean. Akorde minor batek hausten du isiltasuna eta Mick Jaggerrek desolazioz ahoskatzen du izena: Angie… Angie… noiz desagertuko dira laino horiek guztiak?

Gogoratzen dut Haritzek barre egin zuela; eta gogoratzen dut, baita ere, nik galdetu egin niola, ea zergatik ba, kanta arrunt tristea iruditzen baitzitzaidan.
— Angie hori David Bowie-ren emaztea delako —esan zuen— Antza denez, Mick Jaggerrek eta Angela Bowiek affaire bat izan zuten, eta kanta honekin Jaggerrek David Bowieren kontura barre egin zuen mundu guztiaren aurrean.
Geroztik leku askotan entzun dut esplikazioa. Urrutirago joan gabe, Quim Monzó idazle kataluniarrak 86 ipuin liburuko istorioetako batean gauza bera iradokitzen du. Eta horregatik, beti hartu izan dut abestia halako distantzia ironiko batekin. Bai, malenkonia totala da, ematen du Jaggerrek zainak eten behar dituela negarrez, batez ere esaten duenean gorroto duela tristura hori Angieren begietan.
Baina segituan etortzen zaizu David Bowieren aurpegia, kopetan basahuntz adar parearekin, aurpegia haserrez gorri eta belarrietatik baporea botatzen. Eta horrela ezin da inolako baladarik serio hartu. Kontu-garbitze publiko bihurtzen da, irrigarri samarra eta, dena esan behar bada, terapeutikoa ere bai, rock izarren miseriak ezagututa txikiagoak ematen baitute, konparazioan, gure miseriatxoek.
1972ko azaro eta abendu artean grabatu zuen kanta Rolling Stonesek eta askoren ustez, taldearen ibilbidean aipatzea merezi duen azken pieza da. Ondorengo lanetan nabarmen egin zuten behera.
Datu horrekin buka zitekeen kontu hau, baina ez, badu bigarren buelta: Interneten kuxkuxean hasita ez baita zaila 2002an Jaggerrek esandakoa aurkitzea: “Ehun milioi aldiz-edo esango nuen honezkero, kanta hori ez dela Angela Bowieri buruzkoa… Ez dut uste garai hartan Angela Bowie ezagutzen nuenik ere”. Eta beraz, beste nonbait bilatu behar da esanahia. Ez Jaggerren abenturetan, Keith Richards gitarra-jolearen garai hartako egoera sentimentalean baizik. Anita Pallenberg aktorearekin zebilen Richards, ez oso ondo, ematen duenez, eta harremana mozteko, mesedez mozteko, eskatu zion kanta horren bidez. Ariman amodiorik ez zegoela, ezta jakan dirurik ere, ezin zutela esan gustura zeudenik.
Akabo distantzia ironikoa, akabo barreak, akabo Bowie eta Jagger mutur-joka imajinatzea. Kantak ez dauka agerian esaten duenaz aparteko sekreturik eta horrek, nire ustez, hirugarren dimentsioa kentzen dio. Zer da ba Angie, inguruan eduki duen zurrumurru hori guztia kenduta? Balada bat besterik ez. Balada bat gehiago. Kanta ona, baina ez desamodioaren gaia lantzen duten beste abesti batzuk baino bereziagoa.
Dena dela, ez esan estrategia komertzial ona ez denik. Jar dezagun burua arrakasta izan nahi duen musikariaren lekuan: single berriren bat publikatzerakoan aski izango du mota honetako zurrumurruren bat zabaltzea mundu guztiak abestiak gordetzen duen sekretua bilatu nahi izateko. Arrakasta segurua. Ez harritu beraz, Durangoko Azoka hurbiltzen ari den honetan, euskal musikan ere tankerako zurrumurruak entzuten hasten bazarete. Edozerk balio du diskoak saltzeko eta, kantak argi esaten du, inork ezingo du esan saiatu ez garenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA