Hona hemen aitzindari bat, kritikarik onartu nahi ez duten idazleentzat

Gorka Bereziartua
0

Kritikatu egin nahi nauzu, e?

Gauzak normal joan izan balira, ez nuen inoiz jakingo nor den Karin N. Calvo-Goller. Gauzak normal joan izan balira, ez nuen inoiz aipatuko liburu bat, Nazioarteko auzitegi kriminalaren epaiketa prozedurak tituluduna. Gauzak batzuetan ez dira normalak ordea, eta horri esker batere interesatzen ez zaizkizun pertsonak eta gaiak bidean gurutzatzen dira, erakutsiz, pentsatu arren elkarren oso diferenteak garela, kontu esentzialetan molde beretsuarekin eginda gaudela pertsona guztiak.

Labur azaltzeko: 2007an Tel Aviveko bere bulegoko ordenagailuaren bidez leitu zuen Calvo-Gollerrek Nazioarteko auzitegi kriminalaren epaiketa prozedurak liburuari egindako kritika bat Global Law Books webgunean. Lau paragrafotxo besterik ez, idazkera tekniko, aseptiko eta bare samarrekoak. Esaten zuen liburuak ukitzen dituela ukitu behar zituen gai garrantzitsu guztiak eta zenbait analisi urrezko pipitak direla; baina esaten zuen, baita ere, nahaspilatu egiten dituela ordenamendu legalaren zenbait aspektu eta egileak kontzeptu batzuk ondo ulertu ote dituen galdetzen zuen. Kritikaren egilea, Thomas Weigend, Koloniako Unibertsitateko irakaslea da, eta ez zuen asko espero gero gertatuko zena. Salaketa jarri baitzion Calvo-Gollerrek, artikuluak bere izen ona kaltetzen zuela argudiatuta, Parisko epaitegi batean. Beraz, Israelen bizi den egile frantsesak irakasle alemaniarra epaitegira eraman du Estatu Batuetako webgune batean argitaratutako artikulu batengatik. Kontrako eztarritik joaten zaizu kritika bat eta ia gatazka diplomatikoa antolatzen duzu zure izen ona garbitzeko-edo; eta, bistan da, ez duzu lortzen: Calvo-Gollerrek hamabost minutuko famatxoa lortu badu, ez da izan mundu guztia bere kausaren justutasunarekin engaiatu delako, kasketa hartu eta salaketa sinesgaitz bezain barregarria jarri duelako baizik.
Antzeko moldearekin eginda gaudela esan dut, ez baita arraroa, euskal literaturaren gezurmendietan pixka bat ibiliz gero, kritika negatibo baten kontura zeru-lurrak astindu dituzten idazleekin topo egitea, batzuk Nacional mailan sariztatuak eta guzti. Euskaldunak izanda, oraindik ez dira ausartu ordea, kritikaririk epailearen aurrera eramaten. Gurea beti izan da estilo sotilagoa, telefono deiekin eta mehatxu txikiekin konpontzen ditugu gauzak eusko lurrean. Baina globalizazioa iritsiko da horretara ere, ikusiko duzue: uste baino lehen eseriko dute kritikariren bat akusatuen bankuan, aldaketa giroarekin batera euskal kulturara etorri den rollo ona puskatzea egotzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA