Jendeak pentsatzen du rocka bideoklipetan azaltzen den hori dela: eztandak, koloreak, su-artifizialak, whiskya, soloak, orgiak, jainkotutako musikariak hiru minutuko orgasmo eroan. Ba, ez. La Betty Travan talde nafarrak sareratu berri duen ikus-entzunezko manifestuan jakin dugu rocka hori baino askoz gutxiago dela. Edo gehiago. Bizkar gainean eramaten den zama. Batzuetan hernia bat. Rocka, tarteko une horiek. Itxarotea. Egotea.
Ohiko marketin erretorikatik aldendu dira eta, esango nuke, genero berri bat sortu dutela (edo behintzat gurera ekarri): post-bideoklipa. Hau ez baita making-of bat, espektakuluari erantsi ohi zaion gehigarri nolabait esateko “humano” hori. Hau onestasun ariketa da. Taldea zertan bereizten den erakutsi ordez, talde hori beste gehienen berdin zerk egiten duen erakusten duen artelana. Poserik ez, nabarmenkeria zero.
Tira, eta ziurrenik batere interesatu ez zaizun tartar horren ondotik, hona bideoa.
PS: La Betty Travani buruzko gauza gehiago aurkituko duzu euren Myspacean.
PS2: Kideetako baten bat kalean aurkitzen baduzu, ziur taldearen kamiseta saltzen saiatuko dela.
1 Iruzkin
Ostiral gaua da. Edo larunbata goiza. Goizeko lauak inguru.
Jokin eta ni Kontxako pasealekua oinez zeharkatzen ari gara, Bataplanetik alde egiten duten mozkorren kontrako norantzan. Leher eginda gaude eta ohea ahal bezain laster harrapatu nahi dugu. Parean topatzen ditugun mozkorren ibilerek alaitzen digute ibilaldia.
Lanetik atera; korrika eta presaka bazkaldu; “anpli”, bonbo, mikro, gitarra eta abarrak furgonetan sartu; “tokitako puntako” herrira joan; teknikariek dena montatzen duten bitartean kaña pare bat hartu; gure tresna guztiak montatu; soinu-froga egin; tresnak desmontatu edo paretik kendu; besteen soinu-frogak entzun bitartean beste kaña pare bat hartu; afaldu; besteen kontzertuak entzuten ditugun bitartean kaña batzuk hartu; berriro dena montatu; kontzertua; desmontatu; furgoneta bete eta buelta Donostiara.
Furgoneta Donostiako Apaiztegian utzi dugu TAOrik ordaintzeko. Gure etxeetara goaz oinez. Eta badakigu ordu gutxi barru jaiki beharko dugula, alokatutako furgoneta hustu (eskilarak medio, guk ere) eta itzultzeko.
Galdetzen diogu elkarri ea kontzertuetako gozamenen aldera okertuta dagoen beste aldean egindako esfortzu eta pasatako denborak dituen balantza. Goizeko ordu horietan ez duela merezi pentsatzera iristen gara.
Baina hurrengo astean berriro Kontxako pasealekuko mozkorrak gurutzatzen ditugu.