– Baina zergatik Carragher? –gaur ez diot esertzen ere utzi Bilardori; aste osoa pasa dut kontu horri bueltak ematen, eta agurtu baino lehen atera zait galdera– Esplikatu, mesedez, zergatik gustatzen zaizun hainbeste bere jokatzeko modua, zergatik diozun bera dela “azken futbolista”. Eta zer daukan honek guztiak ikusteko Iniziatiba Internazionalistarekin. Esan, mesedez.
– Bueno, itxoin -gaur bai, uxuala eskatu du berriro. Itxura hobea ikusten diot, ez dakit astean zehar botikaren bat-edo hartzen aritu den.
– Hik 2005eko final hura gogoan duk? Inork ez zian espero Milan 3-0 aurretik jarrita Liverpoolek zerbait egiterik izango zuenik. Epikoa izan zuan, eta ez bakarrik hiruna jartzea lortzeagatik. Gero nola eutsi zuten ere… Nik oraindik ez diat sinesten… Carragher izan zuan finaleko heroi handiena, nire ustez. Hanketako bikiak, azkenerako, ia belaunetik gora zeuzkean igota, eta hala ere segi. Bizpahiru baloi atera zizkian moduan atera ez balitu…
– Bai, hori gogoan dut, baina bueno, finaletan beti daude horrelakoak, ezta?
– Et, et, et… Utzidak bukatzen. Carragher ez duk final hori bakarrik. Bere bizi osoa duk heroitasuna eta balentria. Hasteko, ia ez duk lurtarra: ez zeukak zilborrik!
– ???
– Jaiotzean sabela irekita atera zuan, dena josi behar azkar, eta zilborrik gabe utzi… Eta gero, etxeko ohiturari izkin eginda hasi zuan Liverpoolen; aita Evertonekoa dik. Eta errematerako, aspaldian ez dik jokatzen Ingalaterrako selekzioarekin. Nahiago omen dik klubarekin ondo aritu. Benetako jokalari bat: koloreak sentitzen dizkik, taldearengatik sakrifikatzen duk… Nahiko nikek ikusi martxan Carragherrez egindako talde bat.
– Bale, bale, nik ere bai, baina… Europako hauteskundeez ere hitz egin zenidan joan den astean, eta esaten zenidan II-HEren zerrendak ez zirela Carragher bezala. Carragherrena “irabazten dakien erresistentzia” dela, eta Sastre eta abarrena ezetz…
– Nik ez nian hori esan.
– Ezetz? –ez zait ba hasiko botaboleoan hain lotsagabe ezta?
– Nola esango nian hori, Sastrek-eta oraindik partidurik jokatu gabe. –nola ez du ba lotsa gutxirekin esandakoa itxuraldatuko?– Ni estrategia orokorraz ari ninduan. 2005eko final hartan Liverpoolek sorpresa aprobetxatu zian: izugarrizko egurra jasotzen ari zituan, eta egur horren tamainako erreakzioa eman zian. II-HErekin eta ezker abertzalearen beste zerrenda askorekin gertatzen duk nire ustez (eta teoria bat besterik ez duk, beraz ez hartu serioegi), egurra jasotzen dutela, izugarri, bai; zalantzarik ez zegok horretan. Baina atzetik beti zegok baten bat falta itsusiren bat egiteko, zerbait okerragoa ez baduk; eta klaro, horrek ekartzen dik kontrarioak oraindik eta ostiko handiagoak ematea, gol gehiago sartzea, arbitroari oraindik eta gehiago eskatzea beraien alde egiteko (eta esan beharra zegok, asko eskatu gabe ere, epaileak erraz hartzen dutela postura kontrakoen alde)… Ulertzen duk?
– Em, baietz uste dut. Baina, teoria horren barruan, non sartzen da Txapeldunen Ligako 2007ko finala? Ekipo berberak, gutxi gorabehera, eta Milanek irabazi. Azaldu duzun guztia hankaz gora jartzen du horrek, ez al zaizu iruditzen?
– Hi, Bereziartua, ahaztu egin zaik Milanen Paolo Maldinik jokatzen zuela?
– Handienetako bat, bai… Duela gutxi erretiratu da gainera.
– Ba horixe… Hori kontuan hartu gabe ezin duk aurreko guztia ulertu.
– Bilardo, baina… Iruditzen zait pixka bat Juanan Larrañaga bezala ari zarela argudiatzen…
– Zer?
– Badakizu: “Barça ezinean… eta Eto’o-ren gola”. Alegia, bi burutara hitz egiten duzula.
– Hori da nire jokoa, Bereziartua; hori da nire jokoa.
– Bai, Bilardo, zurekin beti zoramena harmailetan.
1 Iruzkin
-Hala da, ezta Juanan?
-Bai, hala da.