Lerrook idazten dituenak badauzka akats ugari eta horietako bat da realzalea izatea. Eta gauza jakina da, inor ez da Realekoa futbol ona ikustea eta beti irabaztea atsegin duelako: abertzaletasuna eta galtzaileekiko miresmena konbinatuta egiten zara txuri-urdin. Orokorrean futbol modernoa enpresa afera bihurtua dago ordea, eta partikularki Donostiako taldearen presidente berria arma fabrikatzailea da, arrazoi pisuzkoak biak ere, nire realsozialismoa baztertu eta fede berri baten bila hasteko.
Basamortua zeharkatzea bezalakoa izan behar zuen lanak, beharrik bideoa parean jarri zaidala. Agertzen diren protagonista txikien izenak: Pol, Eduard, Adrià, Martí, Emma, Nil, Gerard, Roger, Dídac, Cristian, Ivan, Xavier, Ruth eta Haritz. Haien futbol taldea: Margatània. Denboraldi osoan ez dute gol bakarra sartu. Eta kopuru hori behintzat gauza ziurra da. Jaso dituzten golak aldiz… inoiz ez daude seguru, hainbeste izaten dira partidu bakoitzean. Baina hain justu horixe, galtzearen plazera azpimarratzera dator bideo labur hau. Ondo pasatzea da garrantzitsuena eta Margatàniako jokalariek ederki pasatzen dute. Futbola horretarako ere bazen, ezta?
Roger Gómez eta Dani Resines kataluniarrek egindako hamar minutuko dokumentaltxoa da L’Equip petit (Ekipo txikia). Taldeko kideen gurasoei eta lagunei erakusteko prestatu zuten, baina sarearen bidez alde guztietara zabaltzen ari da. Nahiko modan dauden definizio altuko reflex kamera horietako batekin grabatua dagoela iruditu zait eta emaitza txukuna da oso. Barre xamurra atera diote realzale ozpindu honi behintzat. Ez da gutxi.
Ikusi nahi baduzue, hementxe:
[ARGIAren 2.283. zenbakian argitaratzekoa]
7 Iruzkin
aahh, ze nekagarria den estilo ñoño hori!! kamara hoiek sortu zirenetik, hasiera hasieratik, oso gauza kitschak egin ditu jendeak. denak Amelieren bideoak balira bezala. prosa purpura diozuen horren modukoa, baina irudiekin!!
Komentarioari etiketa jartzea ahaztu zaizu: #alguhohaviadedir XD. Baina serio, hain kitscha iruditu zaizu bideoa? Egia da azkenaldian reflex hauek asko erabiltzen direla baina emaitzak eta emaitzak daude eta niri hau ez zait txarrena iruditzen…
Zumaiarrak hi bezela gorriak ditukela txo! Haserretu zaizkik sanpedroko libiaren purpura kolore horrekin. 😉
teknika edo estilo bat sortu eta manierismoan hain azkar erortzea ez da normala,.. suposatzen dut kamarak duen aukera errazena izango dela. baina hemen ere segituan iritxi dira emaitza hoietara (Orain edo Eitb kulturan), enpatxu moduko bat sortuz. ea beste bide batzuk aurkitzen dituzten, lanean gogoz ari dira eta
Guztiz ados nago Jon Manzisidorrekin. Argazki kamerek eskaintzen duten irudi horri eutsi diogu, eta edozein lan pieza estetizista batetan bihurtzen dugu.¨Gauxaberrismoa¨ oso lotuta dago ikusentzunezkoekin. zerbait asmatu orduko guztiok jotzen dugu hori erabiltzera. Duela pare bat urteko Tilt teknikaz akordatzen? Kasu honetan hala ere, azkartasunak, kamara hauen eskuragarritasunarekin zerikusia du. Pasako da. Ez gara betirako biziko surf bideo batetan sartuta!
Jon eta Koldok arrazoia dute, bana historian zehar gauza bera gertatu da, kamara, film , teknika edo software berriekin modak sortu eta denok erabiltzen hasten gera. Etaaaaa?????
Egia da DSLR kamerekin grabatutako bideo askok antzeko estiloa/estetika duela, baina guztia ez da manierismoa. Denetarik dago:
http://vimeo.com/channels/5dbestvideo
http://vimeo.com/channels/canon5dmark2
Kamera guztiekin bezala, DSLR kamerekin egindako lan onak eta txarrak daude, baina horrek ez du erabiltzen den kamerarekin zerikusi zuzenik, ez eta azkenean lortzen den estilo/estetikak ere.
Kamerak azkenean tresnak besterik ez dira eta, bai Jonek bai koldok ongi dakiten moduan, grabatutakoari estilo/estetika jakin bat emateak erabilitako kamararekin baino egilearekin du zerikusia.
Eta bukatzeko, guztiok ez dugu zinerako kamerekin lan egiteko aurrekonturik eta DSLR kamera hauek dira aurrekontu murritzarekin kalitatezko zerbait egiteko aukera urrietako bat.