Jazzaldia11 (eta V): Jazz kritikariaren bizitza gogorra

Beñat Sarasola
2

Toots Thielemans

Toots Thielemans-en, aurtengo Donostiako Jazzaldi Sariaren, kontzertua hasi eta ordu laurdenera-edo iritsi eta nire alboan eseri zen jazz kritikaria, Espainiako egunkari irakurrienetako batetakoa (Marca ez). Gizon lodikotea, apur bat estrafalarioa, luze-luze jarrita eseri zen eserlekuan. Thielemans, bitartean, bere ahosoinu eta laukotearekin, Karel Boehlee piano eta teklatuan, Marcel Schimscheimer (Thielemansek Marcel gisa aurkezten zuena soilik, “deitura ahoskaezina delako”) baxuan eta Teun Verbruggen baterian.

Bigarren abestia amaitzean hartu zuen mikrofonoa belgikarrak publikoari zuzentzeko. Jator egon zen emanaldi guztian, pasadizoak kontatuz eta entzuleriari keinuak eginez etengabe. George Gershwin-en Porgy and Bess operako bi abesti ezin klasikoago lotu zituen orduan, I loves you Porgy eta Summertime, bigarrena, nahiko bertsio ezohikoan, abesti hau jo ohi dena baino erritmo askoz biziagoan jo zuelako. Haiekin jo izan ahal zituen zenbait maisu handi gogoratu eta bossa-novatik etorritako set txikiari ekin zion, The Dolphin, Velas eta One Note Samba-rekin. Errepertorioa askotarikoa izan zen, standarretatik eta bossa-novatik poperantz joan zen Paul Simonen I Do It For Your Love-kin, eta jarraian filmetako musikarantz, Midnight Cowboy ezaguna eta Dat Mistige Rode Beest filme porno holandes baterako abestiarekin. Standarretara itzuliz Autumn Leaves-i edo, jatorriz, Les Feuilles Mortes-i ekin zion. Teletubi momentua John Lennonekin lotutako pasadizo bat -Rickenbacker gitarra tarteko- oroituz etorri zen, Lennonen omenezko Imagine-kin. Bluesette jo ondoren ahosoinu eta pianoarekin soilik jotako Jacques Brel-en Ne Me Quitte Pas-rekin itxi zuen emanaldia, bere hitzetan, “inoizko maitasunezko abestirik ederrena” -ez zaio arrazoirik falta, ederrena ez bada ederrenetakoa bai-. Esanak esan, ahosoinua instrumentu mugatua da saxofoi edo tronpeta baten aldean, eta zenbaitetan emanaldia errepikagorregia egin zitzaidan. Gainera, instrumentuaren lehen notak entzun bezain pronto, ezin izan nuen ekidin telebista kanal esanezin horretako España en la Memoria-ko sintoniarekin oroitzea, eta jakina, hori ez da Thielemans zaharraren errua, idiota berreziezin honena baino. Edonola ere, kontzertu sinpatikoa eman zuen, ongi aukeratutako errepertorio atseginarekin, eta entzuleriak esker onez erantzun zion.
Jazz kritikariari dagokionez, laukotea filmetako musikarekin hasi bezain pronto hasi zen zurrunka. Luze jardun zen gisa horretan harik eta Autumn Leavesekin esnatu, koadernotxoan zerbait idatzi, eta berriz ere burua eserlekuaren bizkarrean bermatu zuen arte. Bai, jakin-minak jota nago, ea jazz kritikari prestuak zer idatziko ote duen bere eguneroko kronikan.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA