‘Ziminoen planeta’-k behar ote zuen prekuelarik?

Gorka Bereziartua
4

"Zutik lurrean kondenatu zaren zimino tristea..."

Badirudi biopic-en eta remaken momentua pasa dela Hollywooden eta orain sekuelak eta prekuelak etorriko zaizkigula barra-barra. Emankorrena, Ridley Scott: Blade Runner-ekin eta Alien-ekin lotutako proiektu banatan sartuta dabil, baina denbora askotxo pasako da horiek aretoetara iritsi aurretik. Bitartean, uda honetan Rise of the planet of the apes filmak animatu ditu txarteldegiak. Pelikula ikusi ondoren ordea, galdetzea zilegi da: beharrezkoa al zen?

Ez baitauka, itxuraz behintzat, 1968ko Planet of the apes-en indar ebokatzailearen laurdenik ere. Hark arrazakeriari buruzko bigarren irakurri garbia eskaintzen bazuen, badirudi honek animalien kontrako tratu-txarrei buruzkoa ere ez duela zehatz marrazten; hark gerren ondorio katastrofikoak bazituen korolario, honek zientziaren erabilera okerren aurkako mezutxoren bat eman nahiko lukeela dirudi.
Baina ez dezagun hain azkar filma larrutu, zeharbistan hasita itxuraz baino mami handiagoa dauka eta. Pelikulak hiru momentu klabe dituela esango nuke: Caesar ziminoa bizilagunarekin borrokan hasten den unea; aurreneko aldiz hitz egiten duen momentua; eta filmaren amaieran “Caesar etxean dago” dioen eszena. Hiru urratsetan ikusiko dugu, ziminoa gizakien pare jartzeko gai dela konturatzen, lehenik; bere borondatea haienaren gainetik dagoela adierazten, bigarrenik; eta berak (baita berak bezalakoek ere) mundua etxe dutela aldarrikatzen, azkenik. Filmak ez du erakusten horren ondoren etorriko dena: gizakien eta ziminoen arteko hil ala biziko borroka, baina aurrekariak aurkezterakoan, lortzen du ikusleari halako ezinegon bat sortzea: noren alde posizionatu beharko luke?
Tira, horiek guztiak esanda, tituluko galderari erantzutea falta da. Beharrezkoa al zen hau? Ba ez, seguruenik ez. 68ko pelikularekin lotzeak zerikusi handiagoa du taktika komertzialarekin filmaren edukiarekin baino (espazioan galdutako astronauten aipamenak nahiko indarka sartu dira gidoian). Lotura hori egin gabe ere funtzionatuko zuen. Baina krispetak jan bitartean ikusteko pelikula izateaz gain, Rise of the planet of the apes-ek eskaintzen du beste zerbait. Eta hori bada Tim Burtonek 2001ean egindako Planes of the apesen remakeaz esan daitekeena baino gehiago.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA